en fy eu mk sl ga

Tresoar

Tresoar Frisiako (Fryslân) informazio-zentroa eta Frisiako historiaren gordetegia da. Frisiako gaien gaineko informazio iturri-bilduma itzela dugu: Frisian plazaratu diren egunkari eta aldizkari kontaezinak; ehunka mila liburu, hala nola Erasmoren liburutegitik ekarritakoak; milaka argazki, film, soinu-grabaketa, epaiketa-txosten eta agiri legal; Blaeu-n atlasa; frisiar ospetsuen gutunak; Douwe Egberts enpresaren artxiboa; Hamaika Hirien (frisiar) Elkartearen artxiboa; punk frisiarretik musika klasikoraino barne hartzen duten CDak; monjeek egindako 836. urteko "Noctes Atticae" eskuizkribua; J.J. Kalmak osatutako150 bibliografia baino gehiago; frisierazko literatura zaharrena eta berriena; argitalpen zientifikoak; fitxategi digitalak eta askoz gehiago.

Frisian jazo diren gertaerak ezin dira isolatuta ikertu. Adibidez, har dezagun frisieraren egoera. Hori ulertzeko, elebitasunaren eta hizkuntza gutxituen gaineko jakinduria zabala behar da, eta ez bakarrik Frisiari dagokionez, baita beste eskualdeei dagokienez ere.  Jakinduria hori guztia ez dago eskuragarri gure bilduman. Horregatik, beste batzuek kudeatzen dituzten bildumak eta informazio digitalak eskuratzeko aukera eskaintzen dugu.

Tresoar-ek tokiko eta nazioarteko liburutegi- eta artxibo-sareetan leku garrantzitsua du. Herbehereetan, esaterako, beste liburutegi handi batzuekin elkarlanean ari gara, "Herbeheretako Bilduma" osatzeko. Ekintza horretan, Tresoar arlo garrantzitsu batzuez arduratzen da, hala nola gure antzinaroko bilduma zabala eta bilduma judua eta hebrearra. Frisiako Unibertsitateko Campusaren (University Campus Fryslân –UCF) parte garen heinean, Tresoar Frisiako goi-hezkuntza eta ikerketa-erakundeen sarean dago. Gure bildumaren eta kanpoko bildumen bitartez, UCFrentzat zein Frisiako goi-hezkuntza eta ikerketa-erakundeentzat garrantzitsuak diren informazio iturriak eskaintzen ditugu.

Tresoar adin guztietako jendearentzako ekintzak eskaintzen dituen gune bizia da: kontzertuak, hitzaldiak, erakusketak, hezkuntza-ekintzak, umeentzako saioak. Aldi berean, oso leku egokia da ikerlarientzat, genealogistentzat eta eskolako eta unibertsitateko ikasleentzat, lasai eta isilpean lan egiteko (edo elkarlanean aritzeko), haien ikerketetan, eta, beharbada, haien identitatearekin zerikusia duen zerbait aurkitzeko.

Tresoar

Boterhoek 1

8911 DH Leeuwarden/ Ljouwert

Netherlands


Donostia kultura, bazkide liderra

Donostia Kultura Donostia hiriko Udalaren kultur erakunde nagusia da. Hala definitzen du bere misioa webgunean: “Donostia Kultura ­gaur egun Enpresa Erakunde Publikoa­ hiriaren garapen eta proiekziorako kultur eragile nagusia da. Hainbat udal­ekipamendu eta zerbitzu kudeatzeaz gain, kultura­diziplina guztietan programazioa eta jaialdiak antolatzen ditu eta, bereziki, hirian kultura­plataforma berriak sustatzen ditu ekimen publikoak eta pribatuak bateratuz”.

Donostia Kulturak “Beste hitzak” bezalako egitasmo baten bazkide liderra izateko baldintzak betetzen ditu: kultur kudeaketan ibilbide luzea, gaitasun handiko lan taldeak, baliabide ekonomikoak, eragile ezberdinekin elkarlanean eta sorkuntza proiektuen sustapenean esperientzia handia, kolaboratzaileen sare zabala, diziplina ezberdinetako programazio aberatsa, eta “Beste hitzak” bezalako proiektu baterako bereziki garrantzitsuak diren beste bi ezaugarri: euskararen lehentasuneko sustapena eta literatur programazio anitza: hitzaldiak, ikastaroak, mintegiak, solasaldiak, irakurketa sustapena..., eta baita literatur jaialdi bat ere, Literaktum (www.literaktum.com).

Badira gainera beste 3 arrazoi Donostia Kultura “Beste hitzak” proiektuaren bazkide lider sendo bat izateko:

A) Donostia Kulturako zuzendaritzak egitasmo honi ematen dion garrantzia

Sorkuntza­egonaldiena Donostia Kulturak bultzatu nahi duen ildo bat da. Egun, arte eszenikoetan eta musikan esperientzia berriak martxan daude eta literaturaren arloan “Beste hitzak” bezalako proiektu batek aurrerapausu handia suposatuko luke. Sorkuntzaren sustapena eta sorkuntza prozesuaren bistaratzea, publikoari formatu berrietan azalduz, Donostia Kulturaren lehentasunezko helburu bat da, nazioarteko sarea aberasten joatearena bezalaxe.

Gainera, euskararen sustapenak berak ere lehentasuna du Donostia Kulturaren zuzendaritzarako, eta hala azaltzen du neurri ezberdinen bidez, bereziki euskarazko programazioa sendotuz eta euskarazko sorkuntza bultzatuz.

B) Donostia Europako Kultur Hiriburua izango da 2016an

“Beste hitzak” egitasmoa, berez, Donostia Kulturak eta Donostia 2016 Fundazioak Donostia 2016 elkarlan estuan diseinatzen ari diren proiektua da. Hiriburutzaren erronka taxutzen dihardugu azken urteetan kultur eragile ezberdinok, Donostia 2016 Fundazioaren lidergopean, urte horretarako eta ondorengo urteetarako hiriko eta lurraldeko kultur eraldaketa helburu nagusia delarik. Prozesu luze eta sakon horretan Donostia Kulturak, bere helburu, pisu, baliabide eta lan taldeengatik, funtsezko papera du, eta Donostia 2016 proiekturako tresna garrantzitsua izateaz gain etorkizunari begira Hiriburutzaren filosofia, lorpen eta lan ildoen lekukoa jasoko duten eragile nagusienetakoa izango da.

Testuinguru horretan kokatu behar da ere “Beste hitzak” bezalako proiektu bat, euskal literaturaren alorrean eraldaketa gaitasun handia izan dezakeena, literatur sorkuntza eta eragile ezberdinen arteko elkarlanaren sustapena ardatz duena eta Europako beste hizkuntza gutxituen literaturekin harremanak sendotu eta esperientziak partekatzeko balio duena.

C) Donostia Kultura eta Donostia 2016 Fundazioaz gain, tokiko sare egokia dago euskal literaturaren inguruan laguntzeko prest

Eta sarea handitzen joateko aukera irekia dago.


Bitola gazte-foroa

Bitola gazte-foroa politikagintzatik at dagoen gobernuz kanpoko eta irabazi-asmorik gabeko boluntario-erakundea da, Mazedoniako herritarren kultur eta gizaldeko interesen aldeko lana egiten duena.

Foroaren helburu nagusiak hauek dira:

1) Ekintza artistikoak eta kulturalak bultzatzea, gazteei horien sormena garatzeko lekuak eskainiz.
2) Bakea eta demokrazia-prozesuak sustatzea, giza eskubideen aldeko lana eginez eta edozein motako bereizkeriaren aurka borrokatuz, batez ere, talde baztertuek eta gutxiengoek pairatzen dutena.
3) Mazedonian gaurko gazteen egoera aztertzea eta horren gaineko txostenak prestatzea. Gazte-foroak gazteei dagozkien erabaki garrantzitsuenetan parte-hartze publikoa bultzatzea lortu du.

Gure ekintzen bitartez, tokiko autogobernuen eta beste GKEen arteko lotura garrantzitsuak egiten ditugu, eta gazteen arazoen gaineko informazioa ematen diegu, baita herritarrei arazo horien balizko konponbideen gaineko formazioa eman ere.

Gazteen beharrei erantzuteko gauza berriak eskaini nahi zituzten gazte-talde batek sortu zuen erakundea 1999an. Eskualdeko erakunde bat gara, eta gure ekintzak eta egitasmoak Bitolako eskualdean gauzatzen dira, batez ere. Gure erakundearen bazkide gehienak 18-30 urte bitartekoak dira.

Erakundearen ekintzek bizi garen inguruaren beharrekin dute zerikusia, eta, hori dela eta, gehienetan, diskriminazioaren aurka egiten dugu lan, batez ere talde baztertuek pairatzen dutena. Helburu horren alde egiteko, gure kulturarteko hezkuntza-ekintzek antzerkia, zinema, bideoa, musika kontzertuak eta emanaldiak eskaintzen dituzte, baita beste mota askotako tailerrak, mintegiak, lehiaketak, eztabaidak eta ikastaroak ere. Laburbilduz, leku txiki bat sortzen dugu, gazteek haien aisialdia gauza onuragarriak ikasten aprobetxa dezaten eta haien trebetasuna eta ezagutza gara ditzaten. Erakundeak BLOK izeneko aldizkaria plazaratzen du. Kultura jorratzen du, baina aktibismoa sustatuz, eta guk eta gure antzeko beste erakundeek sustatutako ekintzekin harremana duten artisten proiektuak ere ezagutarazten ditu. Horrez gain, idazle gazteen eleberriak eta poesia-liburuak argitaratzen eta sustatzen ditugu.


Art X-op Arte Garaikideko Elkartea (Association for Contemporary Art X-OP)

Art X-op Arte Garaikideko Elkartearen helburua da arte-ekoizle eta antolatzaileen arteko trukeak sustatzea, eta EBko Kultur Programaren X-OP ekintzak sortu zuen. X-OP hazten ari den artisten, ikerlarien, antolatzaileen, ekoizleen, organizazioen, erakundeen eta kultur etxeen sare bat da, eta xede du artea eta zientzia, hezkuntza eta ikerketa, kultura eta baliabideak sortzea eta trukatzea euskarri europarra ezarriz. Lekuak, aretoak eta erabiltzaileentzat pentsatutako azpiegitura teknologikoa erabilita, X-OPk artisten, teorialarien eta exekutiboen mugikortasuna bultzatzen du. Europan zeharko elkarlana, ekoizpen partekatua eta arteari dagokion diziplinarteko ikuspuntua indartzeko sortu da.

Europan zehar dauden organizazio- eta erakunde-bazkideen nazioarteko sarearen bitartez, arte-ekoizpena sortzaile-segmentuen arabera –praktikoak zein teorikoak– deskribatzen da eta norberak zehazten ditu haren trebetasun eta lehentasun profesionalak. Hori dela eta, ekoizpenek prozedura artistiko konplexuak sortzen dituzte, ikuspuntu guztiak kontuan hartzen dituztenak eta biran ateratzeko eta erakusketak egiteko beharrezkoak diren elementu eta gauza guztiak barneratzen dituztenak. Artelana iturriak modu arinean biltzen dituen eraketa da eta lekuetara egokitzeko egituratuta dago, inguruko egoerari eta baldintzei egokitzeko.

Diziplinarteko arte-sorkuntzarekin eta -ekoizpenarekin batera, X-OP Elkartearen sareak Europan zehar dauden kultur etxe, egoitza eta beste lekuen arteko mugikortasun jasangarriaren aldeko lana egiten du. Mugikortasun hori leku anitzetan gauzatzen da: landa-lekuetan –non artea sortzeko eta erakusteko egoitza gehienak dauden– , hiri-paisaietan –bertako erakunde-sareak barne– eta lan-eremu bien arteko gune irekietan. Epe luzerako elkarlanaren bitartez, bazkideen egoitzak euskarritarako off- eta on-line baliabideak egituratzen eta garatzen ari dira informazio- eta komunikazio-teknologiei eta kultura digitalari eta arte-sorkuntzari (arte-ekoizpena, erakusketak, ikerlana eta hezkuntza) dagokienez.

Kontzeptu gakoak
Kokatu – datuak lotu
Baliabidea aurkitu – bildu
Kokatu – ekoitzi
Garraiatu – aurkeztu
Definitu – plazaratu

X-OPk zentroen, ekoizleen, antolatzaileen, artisten eta ikerlarien arteko sektore anitzeko elkarlana abian jartzen du, ikerlanak, hezkuntza, kultura, artea eta negozio-inguruak, artea sortzeko zentroetarako eta diziplinarteko ikerketa-eremuetarako azpiegitura egokia ahalbidetzen dituzten IKTak garatzeko helburuarekin.

Art X-op Arte Garaikideko Elkartearen eta haren artxibategiaren, dokumentazioaren eta handitzen ari den bazkide kopuruaren helburu nagusia jasangarritasuna da. Horretarako, tailerrak, aurkezpen publikoak, erakusketak, emanaldiak, egonaldiak eta halako ekintzak antolatzen ditu, baita material inprimagarria eta baliabide digitalak prestatu ere, hala nola, gai anitzen gaineko material eta bertsio elektronikoak, katalogoak eta bideoak, erakunde-identitateak eta dokumentu osoak.


Foras na Gaeilge

Foras na Gaeilge-k Irlandan zehar irlandera sustatzeko helburua du, eta 1999ko abenduaren 2an sortu zen.

Ostiral Santuko Hitzarmenak irlandera eta Ulsterreko eskoziera bultzatzeko Ipar-hegoaldeko Inplementazio erakunde bat sortzea agindu zuen. Erakunde horren babespean, Foras na Gaeilge-k irlanderari dagozkion ardura guztiak beteko ditu. Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren hirugarren atalaren arabera, ardura horien artean dago irlanderaz hitz egin eta idatz dadila erraztea eta bultzatzea Irlandako Errepublikako arlo publikoetan zein pribatuetan, eta Ipar Irlandan ere bai, eskaera nahikoa dagoenean.

Bord na Gaeilge-eko langileak, An Gúm (argitaletxea), An Coiste Téarmaíochta (terminologia-batzordea), irlanderazko liburuen egitasmoa eta Eskoziako eta Irlandako gaelerak batzen dituen Colmcille eta horien ekintza guztiak erakunde berrira transferitu dira.

Foras na Gaeilge-k irlanderari buruzko aholkularitza ematen die Iparraldeko zein Hegoaldeko administrazio publikoei, baita beste erakunde publikoei eta arlo pribatuko eta borondatezko taldeei ere. Horrez gain, egitasmo osagarriak, diru-laguntzak esleitzen dituzten erakundeak eta taldeak ere kudeatuko dituzte Irlandan zehar.

Foras na Gaeilge-ren eginkizunak

  • Irlanderarekin lotutako erakundeak eta ekintzak finantzatzen ditugu.
  • Egitasmoen bitartez, ekintza hauek diruz laguntzen ditugu: jaialdiak, udalekuak, gazte-taldeak, hezkuntza-materialak, komunitate-taldeak, argitaletxeak, idazleak, seinale eta material elebidunak eta irlanderazko argitalpenak.
  • Irlandera sustatzeko finantzaketa ematen dugu hizkuntzaren, komunitatearen, gazteriaren, artearen, negozioen eta hedabideen arloetan, zein sektore publikoan.
  • Irlandan irlandera haren komunitatean garatzeko langileak kontratatzeko diru-laguntzak ematen dizkiegu komunitateei.
  • Iparraldean irlanderaz arduratzen diren langileak kontratatzeko diru-laguntzak ematen dizkiegu udalei.
  • Irlandera ekintzen, babesaren, tailerren, prestakuntza-mintegien eta erakusketen bitartez bultzatzen dugu.
  • Irlanderazko liburuak eta hizkuntzarekin lotutako liburuak argitaratzen, banatzen eta sustatzen ditugu.
  • Irlanderarako terminologia berria garatzen dugu, guk kudeatzen dugun www.focal.ie webgunean eskuragarri dagoena.