en fy eu mk sl ga

Eneko Aizpurua

2017-12-02 15:17 — Ljouwert, Friesland

Zirimiri Press

Joan den asteazkenean Henrike Olasolo eta Cristina Richarte Zirimiri Press argitaletxearen sortzaileekin elkartu nintzen Amsterdamen. Hiztun gutxi dituzten hizkuntzetako literaturetan idatzitako lanak Herbehereetako irakurleei ezagutarazteko asmoarekin sortu zuten agitaletxea 2009an. Harrezkero Katalunia, Norvegia, Korsika, Frisia eta beste leku batzuetako idazleen liburu interesgarri ugari argitaratu dituzte, bai eta zenbait euskal idazleren lanak ere.

Herbeheretar irakurleei hain ezagunak ez diren bestelako hitzak, lekuak eta errealitateak ezagutarazteko egiten ari diren lanaz solasean ari ginela, Herbehereetako gizartean egun gori dauden gaiei buruz aritzeko aukera ere izan genuen. Esaterako, arrazismoa. Eta horren erakusgarri, Zwarte Piet izeneko pertsonaiaren inguruan piztu den polemika. Sinteklaasen, haurrei opariak ekartzen dizkien pertsonaiaren, laguntzailea da Zwarte Piet. Tradizioaren arabera, Sinteklaseen laguntzailea tonto edo gizajo itxurako morroi beltz bat da. Hori dela-eta Sinteklaseen morroia aurpegia beltzez margotuta eta ezpain lodiak gorri-gorri dituela agertzen da desfilean. Batzuen iritzian tradizio hori aldatu egin beharko litzateke, leku batzuetan egin duten bezala, pertsona beltzentzat iraingarria delakoan. Baina beste batzuek, Herbehereetako gizartean oso errotuta dagoen tradizioa dela argudiatuz, dagoen bezala utzi behar dela defendatzen dute. Ika-mika dela-eta, duela aste batzuk, Zwarte Piet tradizionalaren aurkako zenbait erakundek autobus bat antolatu zuten protesta egiteko Frisiako Dokkum hirian egin zen desfilean, zeina zuzenean eman baitzuten herrialdeko telebistek. Baina, autobusa Dokkumera iristekotan zela, Zwarte Piet tradizionalaren aldeko jarraitzaileek autobidean geldiarazi eta liskarra sortu zen bi taldeen artean. Gertaerak hautsak harrotu eta sekulako eztabaidak eragin zituen herrialde osoan.

Henrike, Cristina eta hirurok Zwarte Pieten inguruan sortutako eztabaidaz ari ginela, Iruñean, Errege Magoen desfilean, Baltasar errege beltzak edo Irungo eta Hondarribiko Alarde tradizionalek eragindako polemikez oroitu nintzen. Pentsatu nuen tradizioak, arrazistak edo baztertzaileak izanagatik ere, ukiezinak eta aldaezinak direla jende askorentzat han eta hemen. Ahaztu egin zaigula tradizioak etengabe aldatu eta garaian garaiko pentsamoldeetara egokitu direla historian zehar han eta hemen. Eta, tradizioei buruan bueltaka nenbilela, ondorio honetara iritsi nintzen: azken batean, leku desberdinetan bizi bagara ere, antzeko pentsamoldeak eta arazoak ditugula denok buruan, gora eta behera, han eta hemen. Agian horregatik da, hain zuzen, inoiz baino beharrezkoagoa Henrikek eta Cristinak Zirimiri Press argitaletxearen bidez egiten duten zubilana.