en fy eu mk sl ga

Beste hitzak

2016-12-27 19:15 —

Yoseba Peña etxean da

Irlandan bizitakoarekin pozik eta esker oneko ikusi dugu Yoseba. Iradokizun ugari egin ditu proiektuaren garapenari begira, eta laguntzeko gogotsu agertu da.

IXO 1987 du izena Peñak aurkeztu zuen proposamenak. Eleberri baten hirugarren eta azken zatia izan da sorkuntza-egonaldian zehar landu duena. Hona idazleak nola deskribatu zuen bere proposamenean:

"Gure historiaren errelatoa(k) osatzeari dagokionez, euskal literaturan nabarmen falta ditugu emakumezkoen ahotsak, perspektibak eta pertsonaiak. Adibidez, Gerra Zibilaren inguruan badaude bi aldeetako lehen eskuko nobelak gizonekoen pasadizoak narratzen dituztenak, hala nola Txantxangorri kantaria edo Neronek tirak nizkin, eta baita lanketa modernoagoak ere, Gerezi denbora edo Lili eta biok, pare bat baino ez aipatzearren.

Hutsunea gogoan, IXO nobelan emakumezko euskaldunek Espainiako II. Errepublikatik Trantsizioraino mamitutako bilakaeraren inguruan hausnartu nahi dute eta, era berean, gogoeta sustatu. Horretarako, gure familian kontatutakoa hartu dut inspirazio-iturri, birramonak, amonak eta amak transmititu baitigute haien lekukotasuna.

Nobela hiru zatitan banatu dut, bakoitzak urte bat abiapuntu: 1937, 1973 eta 1987. Lehenengo biak jadanik amaituta, Dublinen 1987. urteari dagokiona burutu nahiko nuke, handik proiektuaren izenburua: IXO 1987. Beraz, gure amak bizitakoa fikzioarekin uztartuz, Francoren azken urteak eta demokraziaren hasiera hartuko ditut kontagai, betiere historia idatzi baino, istorioak bizi eta jasan izan zituztenen ikuspegitik."

Yosebak argi azaldu zuen bere proiektuaren eta Dublin hiriaren arteko lotura:

"Dublin eta Irlanda ezin egokiagoak dira, nire iritziz, proiektu hau aurrera eramateko, irlanderadunek ere iraun dutelako hizkuntza indartsu baten zama diglosikoaren azpian eta beraiek ere ondo gogoan dituztelako gerra eta terrorismoa. Gainera, irlandar literaturak tragediok nola jorratu dituen ezagutzeak izugarri lagunduko dit idazten, geuri bakarrik dagozkigun gaiak edozeinek enpatizatzeko moduan lantzeko."

Tira, dena esanda dago. Orain lanaren eta egonaldiaren azken emaitza ikustea besterik ez da geratzen. Zain geldituko gara, irrika betean.