en fy eu mk sl ga

Eneko Aizpurua

2017-11-24 18:17 — Ljouwert, Friesland

Solasaldia Frank de Boerrekin

Gaur Frank de Boerrekin elkartu naiz Ljouwerten. Frank FUENeko kidea da, Europako gutxiengoen identitatea, hizkuntza, kultura eta eskubideak babesten eta sustatzen dituzten erakundeetako bat. Kontinentean dauden laurehundik gora gutxiengoetatik ehun FUENeko kide dira. Solasaldian FUENek abian jarri duen Europako herritarren ekimen baten berri eman dit Frankek. Europako Batzordea EBn gutxiengoen hizkuntza, kultura eta eskubideak eta aniztasuna babesteko neurriak hartzera bultzatzeko eskaera bat da. Sustatzaileek hainbat neurri proposatzen dituzte ekimenean, hizkuntza eta kultura aniztasunaren arloan Europako Batasun osorako baliagarria izango den oinarri partekatu bat ezartzeko. Baina milioi bat sinadura bildu behar dituzte 2018ko apirila baino lehen, Europako Parlamentuak ekimenari buruz eztabaidatu dezan eta Europako Batzordeak proposamena arretaz aztertu dezan. Horregatik ekimenaren sustatzaileek Europa osoan sinadurak biltzeko kanpaina bat jarri dute abian. Frankek kontatu didanez, Euskal Herrira joateko asmoa dute abenduan, ekimenaren eta sinadurak biltzeko kanpainaren berri emateko. Sinatu edo informazio gehiago nahi duzuenok, hona hemen ekimenaren sustatzaileek sarean jarri duten webgunearen helbidea: http://www.minority-safepack.eu/.  

  • 2017-11-27 Idoia Noble

    Esango zenion gure proiektuaren koordinatzaile nagusiarekin elkartu beharko duela Euskal Herrira datorrenean, ezta? Oso oso interesgarria dirudi ekimenak. Milesker horren berri emateagatik.