en fy eu mk sl ga

Ainara Maia Urroz

2018-10-10 10:55 — Bitola, Macedonia

Poesiak salbatuko du mundu hau, agian


Ez dut poesiaren apologia egin nahi, baina poesia dena da, eta leku orotan dago, baina poesiarik jatorrena haurrengan topatzen dugula entzun nion behin euskal poeta HANDI bezain xume bati (Auxtin Zamora ohorezko euskaltzaina), eta atzo haurrek aurkeztu zuten Bitolako liburutegian haurrentzako idazten duen poeta mazedoniar baten poema-liburua: HAZI NAHI DUGU.

Filip Dimkovski idazle mazedoniarraren liburuaren aurkezpenean egon naiz Frisiako Jan Mennorekin eta Stefan Markovskirekin, eta liluratu nau han zeuden haurrek nolako grinaz eta gogoz entzuten zituzten idazlearen hitzak, janariari eta musikari buruzko poemak.

Hain zuzen ere, janaria eta musika dira gure hazkuntzarako gai nagusiak, eta haiekin gozatuz gero, benetan eta osoki hazten gara, gorputz eta arima osoz. Nik ere hazi nahi dut, eta hazten ari naiz hemengo esperientziekin, eta batez ere haurren begirada xaloari so eta irribarrea miretsiz, helduek dezepzioa eta etsipena ekarri baitidate. Haurren begiradaz begiratuko dut mundu ustel eta gaizto hau, eta gauzak lasaiago hartzen saiatu nahi dut, janariaz nahiz musikaz gozatu eta gustua hartu, hemengo erritmo geldoa imitatuz eta slow culture jarraituz.

Presente egon nahi dut.

Maitasuna egin. Tea egin. Elkarrizketa txikiak ekidin. Solasaldi luzeak hartu. Erosi landare bat, ureztatu. Egin norbere ohea. Egin beste norbaiten ohea. Ukan irribarre argi bat, Laster egin. Artea egin. SORTU. Ozeanoan igeri egin. Euripean igeri egin. Hartu aukerak. Galdetu. Akatsak egin. Ikasi. Norbere balioa ezagutu. Estuki maitatu. Bizkor ahaztu. Utzi joaten zoriontsu egiten ez zaituena. HAZI.

Slow food in Macedonia is a healthy way to grow.

Children's art in slow food market:

So learn and enjoy Macedonia!