en fy eu mk sl ga

Ainara Maia Urroz

2018-09-19 14:00 — Bitola, Macedonia

Plater/Plazer mazedoniarraren baitan

Iritsi naiz azkenean Mazedoniara! 

MAZEDONIA
Mazedonia goxo bat prestatuko nizuke
hemengo bazarrean ikusiriko fruitu koloretsuekin
eta uda badoa, 
uda bere azkenetan da
eta ni ene bizitzako udaren zain nago, 
muxurik gabeko uda badoa...
Badira ezpainetan ez beste tokietan
ematen diren muxuak...
...gorputz osoa dut 
zure muxuz beterik, ia gorputz osoa
begiraden muxua,
hatzen muxua...

 

"gaur eta hemen" non ote zauden 
galdetzen diot neure buruari,
baina agian edo beharbada
"bihar eta hor" egonen zara 
eta ez zaitut ikusten,
"atzo eta han" nagoelako ni beharbada.

Ez dakit lagunik nonbait baden
ez dakit maitasunik dagoen:
Ahotsa goratzen dudanean 
bakarrik sentitzen naiz...
...zurekin minaz hitz egin dezaket? 
Ez dakit bihotz ergel honek
gehiegi sentitzen ote duen!
Ez dakit bizi zaren 
ez dakit bide honek
inora eramango nauen!
Ez dakit  zure eguzkira eramanen nauen,
baina hemen nago... ene ilargian.
Ez dakit zergatik segitzen dudan poesia idazten
poesia idaztea sufritzea bada, 
baina olerki hau idazterakoan
zurekin sentitzen naiz
Alejandro Magno eta Ama Teresaren aberri honetan:

oraindik ere amesten dut zure seme-alaben ama naizela,

eta amets horrek bizirik mantentzen nau, aitzinarazten!

Mazedonia koloretsu goxo bat prest izango duzu
itzultzen zarenerako, ene maite galdua...
(Ainara Maia Urroz)

Maitasunaren hirian ene maite galduaz oroitu naiz, eta olerki hori idatzi dut. Mazedoniara etorri naiz poesia idaztera, baina poesia idazteari utzi nahi nioke. 

Halako batean Irundik Skopje hirira iritsi naiz, Paris eta Zagreb hirietatik pasatuz, gauez iritsi naiz hiri ilunera, ilargia keinuka ari zaidala. Mendebaldeko hotelik onenean ostatu hartu dut, eta harrera egin dit hotelean Frisiako idazle Jan Minnok. Oso nekaturik nengoen, eta berehala hartu dut lo hotelean.

Biharamunean, astearteak 18 dituela, gosari-legea egin dugu Janek eta biok, eta ondoren Alejandro Handiaren eta Ama Teresaren aberrian barneratu gara, estatuz beteriko hirian bazarrean kuxkuxean ibili gara. Estatu honek arreta erakarri dit, eta ama izateko gogoa indartu: 

Arratsaldeko 14:15etan hartu dugu hego-ekialderako trena, eta 17:50etan iritsi gara Bitolara. Hantxe genuen zain Aleksandr Misevski mazedoniarra eta gure idazle-pisura eraman gaitu, eta ondoren herriaren erdigunera joan gara zerbait hartzera. Alek-ek esan dit poesia gaztetan idazten zuela baina gehiago ez, ez baitu gehiago sufritu nahi. Poesia idaztea sufritzea al da? Poesia idazteari utziko diot eta prosaz idazten hasiko al naiz zoriontsu izateko? 

Ez dakit egunero idatziko dudan hemen, baina ez adiorik...