en fy eu mk sl ga

Beste hitzak

2017-11-07 13:50 —

Pasai Donibanek ongi etorria Colm Ó Ceallacháini

Liburutegi berriko gune nagusian elkartu ziren bertakoak eta bertakotua.

Urriaren 31rako geneukan jarria hitzordua, liburutegi berriak hartuko duen espazioan. Colm Ó Ceallacháin-ek pare bat aste zeramatzan jada Pasai Donibanen, eta ziur geunden sanjuandarrak bertatik bertara ezagutzeko irrikaz egongo zirela.

Hutsik egin gabe, kafea eskuan hartu eta irlandar bisitariari entzuteko prest jarri ziren harreragileak. Adi-adi jarraitu zituzten irlandar herriari eta hizkuntzari buruzko azalpenak: idazlea Cork hirian bizi dela, Pasaiaren antz handia duen leku batean, portuaren inguruan sortu baitzen; irlandera ez dela asko entzuten bertan, jendeak eskolan ikasi bai, baina egunerokoan ez duelako gehiegi erabiltzen; gurasoengandik jaso zuela berak hizkuntza, beraiek ikastea erabaki zutelako, nahiz eta aitona-amonek jakin ez.

Colm-en azalpenak bukatutakoan, bertaratuek zenbait galdera egin zizkioten, eta berehala sortu zen solasaldirako giroa. Beste hitzak–Other Words ekimenaren balorazioa egin zen, eta baita liburutegi berriaren proiektuarena ere.

Entzuleen artean bizpahiru irlandar zeudenez, beren ama-hizkuntzan hizketan entzuteko aukera paregabea izan genuen; hori bakarrik ez, Colm xaxatu eta kantuan jartzea lortu zuten! Eta, euskaldunok ere ez dugunez askorik behar gure doinuak besteei erakusteko, "Txoria txori" abestuz eman genion amaiera arratsalde pasa atseginari.

Ongi etorri, Colm Ó Ceallacháin!

Milesker, beti bezala, Marga Anzuelari eta Pasaiako liburuzain-talde osoari, gauza berriak egiteko ageri duten grinagatik. Eta, nola ez, haiekin batera liburutegi berria aurrera aterako duen "Bibliotekaren lagunak" taldeari. Hurren arte, segi komunitate bizia ehuntzen.

PD: Jabetuko zinetenez, kalabaza dotore bat izan zuen mahaikide Colm-ek. Egunak horretarako bidea ematen zuenez, hitzaldiaren aurretik, herriko aitona-amonak eta haurrak liburutegiko bi aretotan elkartu ziren, "Gau beltza" edo "Arimen gaua" dotoretzeko apaingarriak prestatzera.