en fy eu mk sl ga

Beste hitzak

2016-06-03 16:27 —

Other Words eta "Itzultzaile berriak" proiektuak, Muskerraren bidean bat eginda.

Imanol Galdos (Donostia Kulturaren Zuzendariaren albokoa eta Other Words-eko koordinatzaile nagusia) eta Idoia Noble (proiektuaren zuzendari artistikoa) EIZIEko idazkari teknikoa den Arantzazu Royorekin elkartu ziren maiatzaren 31n. Helburua, nork bere proiektuaren berri besteari ematea, etorkizunera begira komunikazioa ildo zuzena zabaltzeko.

Bi proiektuen oinarrian hizkuntza dago –euskara, alegia–, baina arlo ezberdinetatik heltzen diote: Beste hitzak–Other Words sarea hedadura urriko hizkuntzak ikusgai egiten saiatzen da, horretarako idazleen egonaldiak antolatuz; Itzultzaile berriak izenekoak, berriz, itzulpengintzaren alderdi teknikoak jorratzen ditu, eta etorkizunean euskaratik zuzenean euren ama hizkuntzetara itzuli nahi duten profesionalei hizkuntza lantzeko aukera ematen die Euskal Herritik bertatik. 

Other Words-ek Donostia Kulturaren eta Donostia 2016ren babesa dauka; Itzultzaile berriak proiektua, berriz, EIZIEren eta Etxepare Institutuaren elkarlanari esker ari da garatzen, Donostia 2016k babestua hori ere.

Lehen bilera berezia izatea nahi genuenez, Asteasun egitea erabaki genuen, unibertso bakana gordetzen duen herrira, alegia. Bernardo Atxagak halaxe adierazten du "Muskerraren bidea" izeneko ibilaldi atseginean, Asteasuko udalarekin eta Donostia 2016rekin batera sortu duen hartan.

Muskerraren bidea 2015eko azaroan ireki zen, eta gaur egun literaturzale nahiz ibiltari asko hurbiltzen da bertara. Guretzat ere oso atsegina izan zen Obabako lur ederrak eta Atxagaren azalpenak Zornotzako Barnetegian dauden itzultzaileei azaltzea: Laura Liubinaviciute lituaniarrari, Bulgariako Maria Pachkovari eta Matylda Figlerowicz poloniarrari; Viktor Jakimovski mazedoniarra ere Asteasura etortzekoa zen, baina pattal antzean zebilela-eta, aukera paregabea huts egin zuen. Sortuko ahal da aurki beste aukerarik!