en fy eu mk sl ga

Beste hitzak

2018-07-15 16:15 —

Other Words eta Euskararen Astea Ljouwert hirian

Uztailaren 1etik 8ra, euskal hizkuntzak eta kulturak leku berezia izan dute Europako Kultur Hiriburuan. Zenbait ekitaldi antolatu dira horien berri emateko: kontzertuak, hitzaldi musikatuak, bertsolaritza tailerrak, irratsaioak, etab. Etxepare Institutuak eta Topaguneak koordinatu dute antolaketa lana Hizkuntzen Egongelako arduradunarekin (Mirjam Vellingarekin, alegia); eta Xabi Paya, Joxan Goikoetxea eta Iosune Marin arduratu dira saio horiek gauzatzeaz.

Other Words ekimenak, bestalde, ekarpen esanguratsua egin dio asteko egitarauari. Alde batetik, urteko koordinazio bilerak –2018 Coordination Meetings–, eta baita sareko bilera ere –Network Meeting–, frisiar bazkidearen (Tresoar) bulegoetan egin ditu, uztailaren 4tik 6ra bitarte. Eta, horiek amaitutakoan, bazkideen ordezkariak jendaurreko ekitaldi batera bildu dira, zenbait gonbidaturekin batera.

Ekitaldiaren izenburua honako hau izan da: "Euskal Herria, frisiarren begietan (eta hitzetan)". Helburua, berriz, orain arte bidelagun izan ditugun frisiarren bizipenak ezagutzea, nork bere ikuspegitik adieraziak.

Lau lagun gonbidatu ditugu eszenatokira: Euskal Herrian literatur sorkuntzarako egonaldiak egin dituzten bi idazle (Bart Kingma eta Gerard de Jong), 2017ko abenduan, Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketako finalaren harira egun batzuk gurean eman zituen poeta bat (Elmar Kuiper), eta zenbait euskal kultur ekimen –Donostia 2016, Tosta, Other Words, Bertsolaritza– gertutik ezagutu dituen Mirjam Vellinga, Leeuwarden 2018ko hizkuntzen inguruko proiektua gidatzen duen andrea.

Hitza izan den arren protagonista nagusia, musikari ere egin diogu tartea. Frisiar musika talde batek lotu ditu ekitaldiko elkarrizketak. Elmar Kuiper ez baita soilik poeta, musikari lanean ere egin du bere ibilbidea, eta egokia zirudien musika berak jartzea. Hala, "Tigers fan Greonterp" taldeak lau doinu eskaini ditu; eta, ekitaldiari amaiera emateko, Elmarrek "a capella" eskaini du Euskal Herrian Euskaraz doinu ezagunaren bertsio ezin bereziagoa.

Aste emankorra, inondik ere, uda hasierako hau; etorkizunera begira frisiarren eta euskaldunen arteko harremanak sendotzen lagunduko diguna.