en fy eu mk sl ga

Beste hitzak

2017-02-15 13:10 —

Gerard De Jong kazetaria etorriko da Donostiara

Bildts hizkuntza ezagutuko dugu 2017an Beste hitzak–Other Words ekimenari esker.

Gerard De Jong, The Bildtse Post agerkariaren erredaktore burua, aukeratu du Oare Wurden / Other Words-ek izendatutako epaimahaiak 2017ko maiatzean eta ekainean Donostian bizi eta idazteko.

Aurkeztutako lau proposamenen artean, De Jong-ena jo du egokiena epaimahaiak:

"De Jong-en sorkuntza proiektua interesgarria da literaturaren ikuspegitik, eta motibazio pertsonal sendoa islatzen du. Bildts komunitatearen muinean dago kokatuta De Jong, eta Donostiako egonaldia euskal hizkuntza eta kultur komunitatearekin harremanak harilkatzeko baliatuko ditu."

Gerard De Jong-ek (1979) The Bildtse Post gidatu du azken hamazazpi urteotan, Dirk Gerrits aitonaren erreleboa hartu ondoren. Kazetaritzaren arloan ibilbide luzea egin du De Jong-ek.

Donostian dagoen bitartean, narrazio bat ondu nahi du bere ama hizkuntzan, Bildts izenekoan. Bildts erabilera oso urriko hizkuntza da, XVI. mendetik aurrera garatu zena. Herbeheretako nekazariek eta dikeak eraikitzen ziharduten langileek erabiltzen omen zuten Bildts hizkuntza, eta eurekin eraman zuten Frisiar lurretara abiatu zirenean, itsasoari lurra irabaztea helburu.

Blau fan dagen, griis fan onrust (Egunen urdina, ezinegonaren grisa) izena du De Jong-ek buruan darabilkien narrazioak, eta literatur arloan egingo duen lehen lana izango da. Bildts hizkuntzaren inguruko kontzientzia hartuko du oinarri, eta hiru belaunaldik hizkuntzaren eta kulturaren arloan ezagutu dituzten aurrerapenak zein mehatxuak deskribatuko ditu, 1980eko hamarkadan abiatuta.

De Jong-en hitzetan, "Nire literatur lanaren bitartez, Bildts hizkuntzari literatur gaitasuna aitortu nahi diot, eta gaitasun hori garatzeari ekin. Argi utzi nahi dut ildo berriak urratu daitezkeela, nekazariaren goldeak nola, lur gozo eta emankorraren fruituak jasotzen jarraitzeko. Horixe da nire zeregina, eta bizitzan gidatzen nauen indarra. Donostiako literatur egonaldia aukera paregabea da, berdingabea, amets hori egia bihurtu ahal izateko."

De Jong honako galdera honi erantzuten saiatuko da, sorkuntza lanean bezala, baita Oare Wurden ataleko blogaren bitartez: "Literaturak nola lagun diezaguke Bildts bezalako hizkuntza txiki txiki bat, 6.000 hiztun besterik ez dituena (eta desagertzeko arriskuan dagoena), indartzen, bizirik mantentzen? Eman diezaiogun oinarri sendo bat, udaberri oparoa bizi dezan, eta etorkizunaren bila indartsu abia dadin."