en fy eu mk sl ga

Ainara Maia Urroz

2018-10-03 05:35 — Bitola, Macedonia

Mazedoniako kulturan barneratzen


MANAKI BROTHERS zinematografoen zinemaldiaren itxiera-ekitaldian egon nintzen larunbatean, Frisiako idazle Jan Menno Rozendal alboan nuela, prentsa-akreditazioari esker. GOLDEN CAMERA 300 urrezko saria zinematografo asiar batek eskuratu zuen, BURNING filmagatik, eta astebeteko zinemaldia hiriko lehen damak, alkate andreak alegia, itxi zuen datorren urteko zinemaldira arte:

- Cinema belongs to everyone!

Ez baitira zinemagileak istorioak egiten dituzten bakarrak, guk ere egunero istorioak asmatzen ditugu goizean esnatzen garenetik eta oheratzen garen arte.

Beharbada egun hauetan ez dut blogean idatzi, baina idatzi dut bestela egunero. Egun hauetan internet konexioa ene ordenagailuan ez da oso ongi ibili, eta bestalde, ez nabil inspiratuta, distraituta bainabil Europa ekialde hurbil honetako bazterrak eta jende jatorra ezagutzen.

Penak arno eta garagarno mazedoniarrez itotzen, eta aho-sabaia jaki onez gozatzen;

Maitearen falta bihotzean, badut hutsune bat zilarrezko ozeanoaren hondoan duena iturria, eta Mediterraneoko aldeko haizearekin dantzan nahiz klima kontinental idorrak ene azala laztantzen goxatzen dut nekez itxitako mina.

Ez dezadan lorik egin,

artista naizenez gero,

ez nadin lokartu

nahiz eta gaua heldu.

Betierekotasunean nago galdurik,

denboran nago harrapaturik.

Macedonia name vote: macedonia name referendum failed to reach turnout threshold

Zorionekoak mazedoniarrak erreferenduma deitzeko aukera izan dutelako! Nahiko genuke Katalunian eta Euskal Herrian ere erreferendum legezko bat egiteko aukera, baina Espainiako sasi-demokraziarekin demokraziarik ezin espero.

Hala ere, Mazedonian estatu propioa eta beregaina badute ere, beren barne-arazoak dituzte, eta Greziarekin duten arazoak bultzatu ditu erreferenduma deitzera herrialdeari izena aldatzeko, FYR MACEDONIA izatetik NORTH MACEDONIA izateko. Greziak beretzat du “Mazedonia” izena, eta Mazedoniak Europako Batasunean sartu nahi badu, izena aldatu behar du.

Igandean izan zen erreferenduma Mazedonian eta partehartze oso txikia izan denez (%34), baliogabetzat hartu da erreferenduma. Jendeak boikoterako deia egina zuen ez baitago ados Europan sartzeko baldintza horrekin, eta galdera anitzeko galdera nahasia zen bestalde.

Ni, berriz, igandean oroitu nintzen Euskal Herriko asteburuko ekimenaz: Euskal Herriko Kataluniarekiko Gernikako babes erakustaldia, eta duela urtebeteko Kataluniako erreferendum ilegalaz. Nola diren gauzak mundu aldrebes honetan, kamarada!

FROM GUERNICA
TO THE WORLD

[EUS] Herrion askatasunaren eta burujabetzaren aldeko aldarria argiztatu dugu Gernikatik, elkartasun besarkada erraldoia bidaltzeko Kataluniara. ZABALDU!

Ia nire idazle-egonaldiaren erdian nago, eta ari naiz pixkanaka Mazedonia ezagutzen, hizkuntza ez ezagutzearen zailtasunak zailtasun, badira komunikatzeko beste bideak eta hizkuntzak, eta Bitolako liburutegian izena eman dut: bertako karneta dut eta jadanik pixka bat mazedoniar sentitzen naiz! Mazedoniako historiari buruzko liburu bat hartu dut maileguan, ingelesez:

eta egun hauetako batean Bitolan dagoen literatur bilguneren baten aurkikuntza eginen ahal dut! Bertako poeta eta idazleak ezagutzeko beharra dut. 

Bitartean, segi dezadan Mazedoniako kulturan murgiltzen, ez bakarrik “sex, drugs and rock&roll” baina musika klasikoaz gozatzen ari naiz hiriaren erdian, INTERFEST musika klasikoaren aldian. Poeta naif eta inuxente honek poesia idazten segituko du, nahiz eta Bitolako Alek lagunak esan didan poesia naïve dela eta berak aspaldi utzi ziola poesia idazteari ez sufritzeko eta benetako sentimenduak ez denen agerian jartzeko. 

Maitasunik gabe egon naiteke; 

baina itxaropenik gabe ez, 

eta horregatik agur, ene maitea, baina ez adiorik (Ethernal Winter)