en fy eu mk sl ga

Ainara Maia Urroz

2018-11-10 23:25 — Bitola, Macedonia

Mazedonia anitza, fruitu anitzez osatua

MUGA POLITIKOAK ERREALAK OTE DIRA?


 

Mazedoniako nire egonaldia ezin nuen bukatu, egungo Mazedoniako hiriburura etorri gabe, eta Thessalonikira joateko erabakia hartu genuen ene pisukide idazle frisiarrak eta biok. 

Mazedoniako Errepublikako hiriburua Skopje da gaur egun, garai bateko Albania; baina egungo Grezia iparraldeko eskualdea ere Mazedonia da, eta berorren hiriburua Thessaloniki da. Hemen ere muga politikoez gaindi herri bat dago, hizkuntza desberdina erabiltzen duten arren, kultura eta historia bera partekatzen dute Ipar eta Hego Mazedoniek.

Horregatik bada, egungo Mazedonia eta Grezia arteko muga politiko irreala iragan nahi nuela erran nion Aleksander Misevski-ri, OtherWords / Drugizborovi egitasmoaren gure Mazedoniako kontaktuari, eta berak berehala deitu zidan bidaia antolatzeko. Hark taxi-gidari bat aurkeztu zidan, ingelesez hitz egiten ez zuena baina bere erranetan oso profesionala eta bizpahiru egunetarako plan bat idatzi zidan kafetegi bateko orritxo batean presaka.

Kafetegi hartan poeta zahar batekin zegoen Aleksander, eta hark esan zidan trenez Thessalonikira joatea ederra dela. Robert Mihaelovski da haren izena, eta bisitan zegoen, Australian bizi baita hango unibertsitate bateko artearen historiako irakasle.

Azkenean Aleksanderren laguna den taxi-gidaria hartu nuen aukera gisa, eta nire pisukidea den Jan Menno idazle frisiarrari esan nion. Hark ere joan nahi zuen eta beraz astebururako bi egunetarako bidaia antolatzen hasi ginen.

Larunbatean goizean goiz abiatu nahi genuela esan genion Zoran izeneko gure taxi-gidariari, eta 8etan jarri genuen hitzordua. Ordu bat eta erdi beranduago agertu zen! Halako batean abiatu ginen pasaportea eskuan Thessaloniki aldera.

Ez zen batere bidaia lasaia izan, gidaria oso profesionala ez zen eta oso urduria zen. Muga politikoa igaro genuen, ez taxi ofizial batean, baizik eta lagun gisa. Izan ere, taxian igarotzea askoz ere garestiagoa da. Florina herria pasa eta hurrengo geltokia Edessa izan genuen: hango ur-jauzi ederretako parajeez gozatu genuen eta kafe bat hartu genuen lasaitzeko, bizitza arnasteko.

Handik Pella aldera abiatu ginen. Mazedoniako antzinako hiriburua da, eta Aleksander Handiaren sorlekua. Egungo Grezian dago, hego-mazedonian, eta ez dakit Alejandro Handiak bere burua mazedoniartzat ote zuen, orduko Grezia Klasikoan. Sentimenduak muga politikoak bezain aldakorrak ote dira gizon batengan?

Nire emakume-ikuspegitik Pellako antzinako hiriaren aztarnetan barna ibili nintzen, eta garai hartako handitasuna irudikatu nuen. Pellan bada museo bat eta hantxe dago historia idatzia, hantxe ikusi nuen Alejandrorentzat ez zela nahikoa Mazedonia eta mundua konkistatzera atera zela, haren inperioa zabaltzera.

Afrodita jainkosaren tenplu handia zena zapaldu nuen, goxo, gune sakratua ez hondatzeko. Alejandroren sorlekua kristo aurreko laugarren mendean munduaren erdigune zen, eta inperioaren zentro. Merkataritza, ekonomia eta politika hiri handia zen, eta hango agoran hartzen ziren inperioaren erabaki garrantzitsuenak.

Mazedoniako antzinako hiriburua ilunabarrean utzi genuen egungo Mazedoniako osoko hiribururantz abiatzeko. Gure asmoa han lo egitea zen, biharamunean Thessaloniki hiri greziarra ezagutzeko.

Thessalonikitik Bitolara trenez eta taxiz itzuli ginen, Aleksanderren lagun taxi-gidariak ez gintuelako itxaron hitzartutako tokian, eta Mazedoniako gure idazle-egonaldiaren azken astean Ohrid hiri sakratura joatea erabaki dut. Hantxe Ohrid-eko San Klemente mirariegileari mirari bat eskatu diot fede handiz, eta Ohrid laku ederraren ikuspegi ederrenetik ortzemuga ia ikusezin dela, ura, lurra eta zerua nahasten baitira, ametsetan bezala irudikatu dut Albania herria Mazedonian egonik. Non dago muga? Gizonen sentimenduak emakumeekiko muga politikoak bezain aldakorrak al dira? 

Emakumeok, aldiz, ez diogu muga politikoei erreparatzen, eta lurrean errotzen dugu bihotza; sentimenduak iraunkorrak zaizkigu, mundu honetako harri eta lurraren gisa. 

Mugaldean bizi garenok ez dakigu seguru non dagoen muga, ezta mugarik baden ere

 

SFEST.

JAIALDIZ jaialdi

eta festarik festa

ibili gara inspirazio bila

Mazedonian murgiltzera.

Kafeak inspiratzen nau

zubipean

zubipeko taberna artistikoan

eta idazten hasi naiz poesia;

izan ere, Shakespearek arrazoi:

TO WRITE OR NOT TO BE

Idatzi edo ez izan

hori da bizitzaren funtsa!

Idatzi edo ez izan

ez dut beste biderik

aitzina egiteko

zuri idaztea

orri zuri batean

zuk edukiz betetzeko zain

 

Mazedoniako nire idazle-egonaldiaren azken astean ene poesiaren erakustaldi edo errezitaldi bat antolatzea erabaki dut, eta bertaratu zirenen artean, Jan Menno Rozendal idazle frisiarra eta Bitolako poeta eta editore Mihaelo Sviderski. Momentu goxoa igaro genuen mahai gainean euskal pastela genuela, eta rakiaz nahiz garagardoz eta arnoz zintzurra bustitzen genuela solasean.