en fy eu mk sl ga

Beatriz Chivite

2017-07-16 15:12 — Maribor

Mariborreko zeru hodeitsuen azpian jolasten

San Ferminak hemen igaro ditut, Mariborreko zeru hodeitsuen azpian irakurtzen, jolasten eta izozkiak jaten. Gauetan Minoriti monasterioaren ondoan aire zabalean jarri duten zinemara joaten naiz, eta izarrak nire buruaren gainean agertzen diren bitartean beste mundu batzuetan sartzen naiz.

1. Literarna Hisan Poesia Irakurketa.

Joan den asteko ostiralean Literarna hisan, edo Literaturaren etxean, nire poesia irakurketa izan nuen. Hasi aurretik ekaitz izugarria hasi zen, energia ederra zegoen airean, baina inor etorriko ez zen beldur nintzen. Azkenean gela bete eta ekitaldi polita izan genuen. Nire poesia bildumetako hainbat olerki irakurri nituen, bai euskeraz bai ingelesez, eta Marjanek (Literarna Hisa ekitaldien antolatzaileak) momentuan nire olerki batzuk eslovenierara itzuli zituen. Euskara eta euskal literaturari buruz ingelesez galdetu zidan eta gero eslovenieraz nire hitzak errepikatu. Nik esandakoa baino gehiago esaten zuen bere hizkuntzan eta beraz ekitaldi osoan zehar Bill Murray ‘Lost in Translation’ filmean bezala sentitu nintzen – esaten ari nintzena itzultzen ari zen edo asmatutako beste zerbait? Dibertigarria izan zen! Irakurketa eta gero ardo eta pintxo batzuk prestatuta zeuzkan ondoko gelan eta guztiak hizketan hasi ginen.

2. Other Words topaketa

Larunbatean Literarna Hisara itzuli nintzen, Irlandatik etorritako Réaltán Ní Leannáin eta Áine Ní Ghlinn, eta Esloveniako Cvetcha Bevc entzutera. Bai Réaltán bai Cvetcha, Beste Hitzak programako idazle izan dira, eta beraz gela berean OW hiru idazle elkartu ginen. Interesgarria izan zen ekitaldia, baina gutxi ulertzeko gai izan nintzen, izan ere Realtán eta Áineren olerkiak irlandarratik zuzenki eslovenora itzuliak zeudelako. Baina soinu aldetik oso aberasgarria iruditu zitzaidan haien hitzak entzutea, dialekto ezberdinak hitz egiten baitituzte (Réaltán iparraldekoa eta Áine hegoaldeko irlandarra). Cvetchak oso galdera onak egin zituen, Réaltáni, adibidez, etxean gurasoekin ingelesez hitz egin arren zergatik hasi zen irladarrez idazten galdetu zion – Réaltánek Iparraldeko Irlandaren egoera politikoari aurre egiteko egin zuela erantzun zuen: ‘Debekatuta nuen Irlandarrez idaztea, eta beraz horixe egin nuen – irlandarrez idatzi, erresistentzia moduan’. Irakurketa ostean, elkarrekin egoteko aukera izan genuen, eta azkenean Natasa famatua ezagutu nuen! Baina laster Ljubljanara itzuli behar izan ziren Réaltán, Áine eta Cvetcha, hurrengo egunean goiz-goizean Bled herri zoragarrira joan behar baitziren. Igande goizean gosaldu ostean, Drava ibai ertzean ibiltzen ari nintzela, lau hostoko hirusta aurkitu nuen, Réaltán eta Áine etorri zitzaizkidan burura, Irlanda Mariborren!

3. Poetry Collective

Astearte eta asteazkenean Estatu Batuetatik etorritako Margaret Young poetarekin Gary Snyderren poesiari buruz hitz egin genuen poesia tailer moduko batean. Snyderren poesia irakurri eta gero lantzen zituen gaien inguruan olerkiak idatzi genituen. Euskaraz eta ingelesez aldi berean idazten saiatu nintzen, baina haien webgunean bakarrik ingelesez irakurritako olerkiak igo dituzte. Hemen uzten dizuet webguneko linka – interesatuta bazaudete… https://thegcas.org/blog/2017/7/12/gcas-poetry-collective

4.  Mariborreko Slam poets

Asteazken arratsaldean Mariborreko Slam poetry taldearekin elkartu nintzen (Nina, Petra, Ariela eta Bostjan), pare bat garagardo edan, eta gauza politei buruz hitz egin genuen - Ekaitz eta poesiari buruz, betirako gordeko zituzten haien bizitzako oroimenei buruz, haurtzaroko gogoeteei buruz… Poesia, dena poesia izan zen.

5. Umeak jolasean

Joan den astelehenean hasi nintzen Filantropija erakundearekin errefuxiatu umeak zaintzen goizeko hamarretatik eguerdiko hirurak arte, haien gurasoak esloveniera klaseetan esertzen diren bitartean. Lehenengo bi orduetan, elkarrekin gosaldu eta gero, ingeles eta esloveniera ariketak egiten ditugu. Eta bukatutakoan guztiok batera parkera joaten gara, dantza koreografiak prestatzen ditugu, harrrapaketetara jolastu eta zuhaitzen adarretara igo. Parkean liburutegi moduko bat ere badago, eta bertan eslovenieraz eta gazteleraz Juan Kruz Igerabide eta Patxi Zubizarretaren liburuak aurkitu ditut!

Aste bikaina izan da!!

 

Muga

Marra bat zeharkatu

eta bapatean

aske zara

haurren jolasetan bezala

 

jokoa irabazi duzu.

 

 

 

  • 2017-08-11 Idoia Noble

    Zalantzarik gabe, nokia irabazi duzu. Ondo merezita irabazi ere.

  • 2017-08-10 Ekaitz Goienetxea Cereceda

    ai Nina, Bostjan eta Mariborreko slamzaleak... Goraintziak! :-)

  • 2017-08-09 Idoia Noble

    Ez dakit behar bezainbeste azpimarratzen dugun, baina haur eta gaztetxoena Other Words proiektuko atal nagusietako bat da. Segi jolasean, ikasteko modurik eraginkorrena horixe da-eta!