en fy eu mk sl ga

Beatriz Chivite

2017-06-16 13:00 — Maribor

Maribor, denbora eta eztei-gaua

Pozdrawljeni!

“Mariborren” - Hauxe da atzo gauean nire amari bidali nion mezua, izan ere etxeko tradizio bezala daukagu bidaiatzerakoan hitz bakarreko mezuak bidaltzea: “arrived”, “prest”, “ondo”, “aireportuan”, “Peterrekin”. Blog honen lehenengo post honetan ere hitz bakarra idaztearen tentazioa izan dut, baina tira, bazkaldu aurretik zerbait gehiago idatziko dut…

Mariborrera etorri aurretik, pasa den astean Bermeon elkartu ginen Beste Hitzak programaren lau idazle (Ekaitz, Joseba, Gerard eta ni neu) eta gure Idoia maitea. Egun liluragarria izan zen, kotxean hainbat sekretu eta hizkuntza entzun ziren, bazkalorduan itsasoaren aurrean amildegi baten ertzean, leku pribilegiatuan egon ginen garagardo bikainak dastatzen eta elkar ezagutzen, eta Ekaitz Bermeo zoragarriaren gida ezin hobea izan zen! Joan dela hiru egun nire lehenengo irakurketa publikoan parte hartu nuen Donostian, Poesia eta Pentsamendua jaialdiaren ekitaldi eder batean. Nirekin batera Gerard zegoen, Bildts hizkuntz indartsuan itsasoari buruzko olerkiak irakurtzen- zoragarria!

Udan maletak egitea ez da oso zaila: pare bat soineko, koadernoak eta belarritakoak! Betiko motxila ekarri dut, nirekin hamar urte hauetan munduan zehar ibili dena. Hainbat aireportuko komunetan lurrean utzi dut gaixoa, eta laster garbitzen ez badut erradiaktiboa bihurtuko delaren susmotan nago…

Hegazkinean kafe esnea eta izozki bat jaten nuen bitartean, Arrival filmari buruzko artikulu bat irakurri dut, badirudi hizkuntza desberdinak jakiteak denboraren kontzeptuari buruzko ikuspuntu ezberdinak izaten laguntzen digula. Gaztelera, ingelesez eta beharbada euskaraz denbora lerro horizontal batean neurtzen dugu, iragana atzean daukagula eta etorkizuna aurrean. Aimara hizkutzean aldiz, iragana haien begien aurrean dagoena da eta etorkizuna haien buruen atzean itxoiten ari dena, hau da, oraindik ikustezina dena. Beraz, karramarroak bezala atzeruntz eta itsu etorkizuneratz bagoazela pentsatzen dute. Txinatarrek denbora lerro bertikalean kokatzen dute, hurrengo astea literalki ‘beheko astea’ 下个星期 eta aurreko igandea ‘goiko igandea” 上个星期天 direlarik. Euskaraz, etorkizuna guregana dator, haren erroa ‘etorri’ aditza baita, eta iragana, jada igaro den denbora– eta eslovenoz? Auskalo!

Eslovenia iragan asko eta ezberdinetako herrialdea da, historia bakarra ez duena. Iragana ez dugu bakarrik atzean edo aurrean aurkitzen, orainean ere isladatzen da, oroitzapenetan eta istorioetan. Iragan eta orain hauek ezagutzeko hitzak dira gure tresnarik onenak. Nire proiektua poesia bilduma bat idaztea izango da. Proiektu honen olerkiak ez dira iraganeko denbora mitologiko edota historiko batean ainguratuta izango, ezta alegiazko lurralde batean kokatuta egongo, baizik eta Europako gaur egungo errealitatean. Horretarako oso garrantzitsua da Europako momentu soziokulturala ulertzea, alde batetik errefuxiatuen etorrera –haien erlijio eta kultur aniztasunekin batera– eta bestaldetik, orain dela jada urte batzuk Europako hegoaldeak jasan duen krisi ekonomikoa. Europa den alegiazko komunitatea beraz aldaketa prozesu nabarmena bizitzen ari da. Alde batetik kultura aniztasuna aurkitzen dugu, eta bestetik arrazakeria eta nazionalismoa. Alde batetik fedea, eta bestetik etsipena.

Atzo, iritsi nintzenean, Peter nire bila etorri zen aireportura. Bidean artea, migrazioak, musika, hizkuntzak, historia eta literaturari buruz hitz egin genuen, eta Mariborrera iristerakoan, hain nengoen nekatuta dutxa hartu eta ohe garbian sartu nintzela maleta ireki gabe. Asko gustatzen zait ohe berri batean lo egitea, lehenengo gauaren garbitasuna sentitzen, eztei-gau bat bezalakoa.