en fy eu mk sl ga

Ainara Maia Urroz

2018-10-05 15:05 — Bitola, Macedonia

Loreak zaborretan

Batzuetan kaka batean sartuta aurkitzen dut neure burua, neure sentimenduak eta emozioak direla eta. Mazedoniako lehen aste hauetan hausnartzeko aukera izan dut, besteekin harremanetan eta elkarrizketan, eta neure burua gehiago ezagutzeko aukera izaten ari naiz. Neure bertuteak eta mugak direnak dira, eta horiekin dantzan nabil oreka lortu nahian, dakidan arren, beharbada, ez dudala orekarik lortuko. Badakit hala ere biktimatzat erakusten dudala askotan neure burua, ene bihotza gehiegi ez nabarmentzeko. Badakit lotsatia naizela ikaragarri, batzuetan kontrakoa dirudien arren, baina ahoz ene sentimenduak adieraztea ez da neure bertuteetako bat; horregatik behar dut poesia idatzi, ene barneko eta ezkutuko gauzak kanporatzeko, adierazteko.

Batzuetan kakatan eta zaborrontzien ondoan aurkitzen ahal dira lore ederrak, eta horiei erreparatuz gero, zein ederra den mundua ohartzen naiz, mundua dena delarik ere, tristea eta desastrea izanik ere.

Monastir edo Bitola alderako bidaia aurkikuntza bat da, barne-aurkikuntza bat, eta esaten badidate ere, poesia idaztea naïve edo inuzentea dela, eta sufritzeko baino ez duela balio, beharbada neure adinean poesia idazten segituko dut.

Beharbada ezkutuko gauzak ikusi nahi ditudalako naiz poeta, beharbada inork ikusi nahi ez edo ezin dituzten gauzak ikusteko ahalegina egiten dudalako naiz poeta halabeharrez eta ezinbestean?

Beharbada mundu nahasi eta ilun honetan argia eta edertasuna ikusi nahi dudalako, erreparatu diot zaborretan hazi den larrosa gorri ederrari eta olerki hau idatzi:

Loreak NONAHI sortzen dira,

baina naturalenak eta maiteenak

zaborretan jaiotzen diren horiek ditut.

Behar-motzetan eta esne-mamitan

lorategietan artifizialki eta invitro

egunero ureztatutako eta zaindutako loreak

ez zaizkit natural egiten,

nahiz eta erakartzen nauten horiek ere.

Miresten ditut zaborretan jalgitzen diren larrosak eta bioletak.

Zinemak eta musikak munduko zabor guztia ahaztarazten didate une batez, eta mundua ederra dela sinetsarazi bere pena eta pozekin. Emozioak kontrolatzen ikasi behar dut oraindik ene 42 urtekin, ene sentimenduek eragindako emozioak kontrola nola baina?