en fy eu mk sl ga

Eneko Aizpurua

2017-11-15 23:14 — Ljouwert, Friesland

Ljouwerteko haur juduen eskolan
Ljouwerteko hirigunean pasieran nenbilela, eraikin baten teilatuko erlaitzaren azpian geldialdia egin dut, bat-batean hasi duen euri jasatik babesteko. Eraikinaren aurrealdeari begira, idazkun bitxi bat duela konturatu naiz. Hebreeraz eta nederlanderaz idatzita dago. Kontatu didatenez, Herbeheretako iparraldeko judu komunitate handienetako bat izan zuen Ljouwertek. Juduak dendari, azokako saltzaile, salerosle eta irakasle aritzen ziren, bai eta beste hainbat ofizio eta lanbidetan ere. Euritik babesteko erlaitzaren azpian geratu den gazte bati galdetu diot atzean dugun eraikina zer den. Haur juduen eskola dela esan dit bere sakelako telefonoaz arduratuago. Eraikin barrura begiratu dut, baina haurrik ez dago han. Haurrak non dauden galdetu diot gazteari. Pantailatik burua altxatu eta harriduraz begiratu dit, zer galdetu diodan ulertuko ez balu bezala. Deabruaren abiaduraz sakelakoan mezu bat idazten duen bitartean, eraman egin zituztela esan dit, edo hori uste duela berak, baina kasu askorik ez egiteko, presaka dabilela eta. Gaztea euritan lasterka joan orduko, adineko emakume bat gerizatu da erlaitzaren aterpean. Eskolako haur juduak non dauden galdetu diot hari ere. Emakumeak patxadaz azaldu dit naziek 1940an Herbehereak inbaditu zituztenean, haur juduentzako eskola bat ireki zutela Ljouwerten, hiriko eskola publikoetatik kanporatutako haur juduek bertan gainerako ikasleengandik bereizita ikas zezaten. Haurrak 1942ra arte eduki omen zituzten eskolan. Jakin-minari ezin eutsirik, nora eraman zituzten galdetu diot. Honela erantzun dit: «Ez zituzten eraman, deportatu egin zituzten, kontzentrazio esparruetara, Herbeheretako judu gehienekin batera». Eta gero erantsi du horregatik jarri zutela eskolako fatxadan oroigarri gisa Genesiko aipua: «Haurra ez dago han». Atertu duenez, emakumea agurtu eta neure bideari ekin diot gogoetan. Memoriarik gabe ez gara ezer, baina harrigarria da zeinen azkar galtzen dugun. Bat-bateko euri jasa batek lurreko orbanak ezabatu baino lehen.