en fy eu mk sl ga

Beatriz Chivite

2017-07-02 19:04 — Maribor

Lent jaialdia eta beste hainbeste bitxikeria

Sarrera hau irakurtzen hasi aurretik, youtuben sartu eta Gogo Penguin taldearen musika entzun ezazue (asteartean Mariborren egon zen taldea).

Aste zoragarria izan da, Lent jaialdiak, bilerek, lagun berriek eta bidaiek nire egunak bete dituzte eta idazteko denbora gutxi izan dut. Baina entzun dudanez, aste hau bukatzerakoan hiria erresaka moduko batean sartzen da, biztanleak kanpora joaten dira, eguzkiak kaleak berotzen ditu, autoak eta eginbeharrak desagertzen dira, Maribor hiri post-apocalyptikoa bihurtzen delarik… ikusiko dugu…

Putuz puntu aste honetako hainbat gertakariei buruz hitz egingo dut.

1.    Astelehenean Literarna Hisa

 Astelehenen arratsaldean, eguzkia Drava ibaian sartzen zenean, eguneko beroa leuntzeko, ni Literarna Hisara (edo Literaturaren Etxera) joan nintzen. Horma zuriko gelan ez zuen berorik egiten eta paretetan Branko Lipnik artistaren marrazkiak zeuden zintzilikaturik. Erakusketaren aurkezpenaren ostean, banan-banan aulkietatik altxatzen hasi ziren hainbat gizon eta emakume adindu. Haien poltsiko eta poltsetatik eskuz idatzitako orriak atera zituzten eta guztien aurren irakurtzen hasi ziren.  Ez nuen asko ulertu, baina bakoitzaren energia eta irakurtzeko modua berezia zen, tonu eta mugimenduek ere asko adierazten dute, beste hitzak dira. Aurkezleak gero nire burua aurkeztu du eta bai euskaraz bai ingelesez haiek ulertzen ez zituzten olerkiak irakurri ditut, baina espero dut gutxienez nire energiaren bibrazioak sentitu izana. Saio osoan zehar ez dira telefonorik entzun, gaur egun benetan berezia den iraganeko isilunea sentitzen zen airean. Olerki bakoitzaren ostean, txaloak, Ekaitzek etorri aurretik esan zidan bezala, esloveniarrek asko txalotzen dute nahiz eta ezer ez ulertu.

2.    Asteartea: Bertsolaritza - Abu Dhabi, Las Vegas, Turkia, Donostia, Maribor

Lent jaialdiko gau izartsu batean Turkiako neska kurdu bat ezagutu nuen, jainkosa boteretsu bat zirudien, bere izena Mina, Italiako abeslari famatua bezala. Hemen, Mariborren, Global Center for Advanced Studies programarekin doktorego bat egiten ari da. Berarekin hitz egiten hasi nintzen, Kurdistan, Eslovenia eta Euskal Herriari buruz, eta olerkiak idazten nituela esan nionean haren aurpegia bat-batean aldatu zen. Bere programa berean baina Abu Dhabin bizi zen Las Vegaseko gizon bat Bertsolaritzari buruz egiten ari zen bere doktoregoa. Kasualitate hutsez, aste honetan hemen zegoen uda ikastaro/ konferentzia batean. Asteartean berarekin elkartu nintzen eta bere ikerketarako elkarrizketatu ninduen. Bere doktoregoa Franco garaian euskal kultura bizirik mantentzen artea eta batez ere, bertsolaritzaren garrantziari buruzkoa da. Oso elkarrizketa interesgarria eta arina izan genuen eta itzulpengintzan eta gaur egungo euskal poesian oso interesatuta dagoela kontatu zidan. Beste Hitzak proiektuari buruz hitz egin genuen, eta Donostiara (orain bere bigarren edo hirugarren ‘etxea’) bueltatzen denean, berarekin harremanetan jarriko zaituztet. A ze pertsonai bitxia, Forrest Cole!

3.    Asteazkena: Mugak, poesia eta ekaitza

Asteazkenean Petra Bauman idazlearekin muga gurutzatu eta bi poesia ekitalditan parte hartu genuen. Kroatziara iritsi ginenean arte galeria batera eraman gintuzten eta bertan Kroaziako telebistarako saio baterako gure olerkiak irakurri genituen. Ez nekien horrelakorik egin behar nuenik eta beraz ez nengoen prestatuta, nire telefonotik irakurri behar izan ditut nire poesiak, bi aste hauetan idatzitako lau olerki, eta nire ilea guztiz nahasia neukanez zapi bat jarri dut buruan. Pare bat astetan  aireratuko dute programa, eta nire olerkiak ingelesez eta kroazieraz agertuko dira azpitituluetan.

Geroago Varazdin herriko Art Rock izeneko taberna batean beste irakurketa bat izan dugu. Batzuk Kroazieraz irakurri dute, beste batzuk Eslovenieraz, beste batzuk dialektoz, eta nik ingelesez eta euskaraz. Hogei bat idazle agertu dira Kroaziako iskin guztietatik etorrita, eta beste hainbeste adin, idazkera eta hizkera ezberdinetako entzule.

Gauean, izugarrizko ekaitza topatu dugu Mariborrerako bidean. Bestaldetik, hain da erreza guretzako mugak gurutzatzea, poliziek gure azal zuria eta begi argiak ikustean ez dute gure pasaportea ia begiratzen. Hesi bat hedatzen da bestaldean, zelaiak zatituz. Panpinak eusten dituzten baina pasaporterik ez daukaten umeek puntazorrotzez betetako burdin hari horiek saltatu behar dituzte, nik kotxean eroso musika entzuten dudan bitartean.

4. Osteguna: Tadej, bideojokoak eta islandiarrak

Lent jaialdiko beste kontzertu batean Tadej ezagutu nuen. Hizkuntza zale amorratua da eta euskararen gramatikari buruz nik baino gehiago zekiena. Hizkuntza eskandinaviarrak ikasten hasi da bere kabuz, islandiera eta finlandiera hain zuzen ere, hizkuntza eta kultura berezi eta gutxituak direlako. Egunero Mariborreko kafetegi batean esertzen da bere ordenagailuarekin, bideo-jokoak prestatzen. Bere bi zaletasunak elkartzeko islandiar eta euskaldunen arteko gatazkari buruz bideojoko bat egitea proposatu nion. Ez zekien deus gure bi lurraldeak elkartzen gaituen historiari buruz, eta txundituta gelditu zen 1615. urtean islandiarrek 12 euskal bale arrantzaleen hilketari buruz kontatu nionean. ‘That’s totally film material’ esan zuen.

5. Ostiralean, Eguzki-lore eta Sorginak

Ostiralean parkeko Art Camp jaialdian, Euskal Herria aurkezteko aukera izan nuen. Haurrentzako hainbat jarduera prestatu nituen, paperezko eguzki-loreak egin genituen eta sorginei buruzko istorioak kontatu nizkien. Arratsaldean sorgin aurpegiak margotu nituen, eta parkea sorginez bete zen. Hizkuntza liburu batean gaztelera, ingelesa eta euskara hiztegi txiki bat prestatu nuen haurrentzako eta egurrezko irudi batean ‘Maitasuna’ hitza hainbat hizkuntzatan idatzi genuen. Egun zoragarria izan zen, kolore, hitz, natura eta haur alaiez beteta!

 

 

  • 2017-07-13 Idoia Noble

    Biba zu! Photocall baterako baino dotoreago zaude… Eta haurrekin egin duzun ekintza horrek izugarri polita dirudi. Segi gauza interesgarriak egiten, eta topera gozatzen! PD: Milesker GoGo Dolphin-en arrastoa emateagatik!