en fy eu mk sl ga

Eneko Aizpurua

2017-11-27 15:02 — Ljouwert, Friesland

Kristo irakiarra Ljouwerten

Joan den asteburuan Explore the North musika eta literatura jaialdi jendetsua egin zuten Ljouwerten. Hainbat musika talderen kontzertuez eta zenbait idazlerekin egindako literatura solasaldiez eta irakurraldiez gozatzeko aukera ederra izan genuen ostiraletik igandera bitartean hiriguneko zenbait lekutan. Musikari dagokionez, Grup Şimşek eta Die Anarchistische Abendunterhaltung taldeen emanaldiak nabarmenduko nituzke. Literaturari dagokionez, aipatzekoa izan zen Ghayath Almadhoun Suedian bizi den idazle siriarrarekin eta Hassan Blasim Finlandian bizi den idazle irakiarrarekin egindako saioa. Egileek gai interesgarriak izan zituzten mintzagai, hala nola outsiderraren begirada literaturan, immigrazioaren eragina eta integrazioa. Horretaz gainera, beren testuak irakurri zituzten jatorrizko hizkuntzan, arabieran, ikusleek pantailan testuen itzulpena ikusgai zutela. Blasimek Kristo irakiarra ipuin bilduma entzutetsuko pasarte gogoangarri batzuk irakurri zituen. Bide batez, liburu interesgarri hori euskaraz irakurtzeko aukera ere badago (Pasazaite argitaletxea, 2017. Ana Isabel Morales itzultzaile).