en fy eu mk sl ga

Beste hitzak

2017-02-01 18:15 —

Imanol Galdos, Puntua aldizkarian 

Beste hitzak–Other Words proiektuaren koordinatzaile nagusiak Donostia 2016ren legatua izan du hizpide, besteak beste, Miren Arregik egin dion elkarrizketan.

“Legatua inteligentziaz kudeatzea da orain gakoa, aukerak ikaragarriak baitira”

Miren Arregi 2017-02-01 10:31  OÑATI

Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren bueltan orduak eman daitezke Imanol Galdos Irazabal oñatiarrekin, Donostia Kulturako zuzendariaren laguntzarako teknikariak ondo ezagutzen baititu Hiriburutzaren zirrikituak. Zerbaitetarako izan dira Donostia Kultura eta Donostia 2016 bidelagun.

Badira gutxienez 25 urte herritik kanpo bizi dela, baina sorterria ez du ahazteko Imanol Galdos oñatiarrak (1964). Txantxiku Ikastolako lehenengo belaunaldikoa –bere bizitzan mugarri da hori–, ibilbide profesionalaren zati handi bat bideratu du kultur kudeaketara. Euskara departamentuetan hasi zen lanean, Oñatiko Udalean lehenik eta Donostiakoan ondoren. Tartean Boisen (AEB) egin zuen egonaldi luze bat –harrezkero sarri bisitatu duen hiria– eta Renoko (Nevada) unibertsitatean euskara eta euskal kulturako eskolak ere eman zituen. 1996an Donostiako Udaleko Kultura Dpartamentuan lortu zuen lanpostua eta ordutik hona urte asko eman ditu Donostia Kulturako zuzendari laguntzaile. Politikan ere aritu zen, EAJko aholkulari izan baitzen 2003tik 2011ra bitartean. 2012an berriz bueltatu zen Donostia Kulturako zuzendariaren laguntzarako teknikari postura. Egoera horretan, Donostia 2016 Kultur Hiriburutza bertatik bertara ezagutu du. Une honetan, nazioarteko harremanen arduradun da Galdos.

Nazioarteratzea da, hain justu ere, Donostia 2016k utzi duen legatuetako bat.

Bai, hala da. Aurrerantzean, horren ardura Donostia Kulturak hartuko du eta horren barruan nik eramango dut gaia. Esaterako, Aarhus-en (Dinamarkan) egon naiz joan den astean eta asteburu honetan Paphos-era (Zipre) joango naiz. Bi hiri horiek dira aurten Kultur Hiriburu. Donostia kultur hiriburutzen sare baten sartu da –hor daude, kultur hiriburu izan eta izango direnak–, eta hori da nik kudeatuko dudana. Martxoan Irlandara joango naiz, ari bainaiz Beste hitzak programa kudeatzen. Beste hitzak Donostia Kulturak eta Donostia 2016k elkarrekin sortutako programa bat da eta hemendik aurrera Donostia Kulturak kudeatuko du. Bost herrialde daude programa barruan, oraingoz: Euskal Herria, Irlanda, Herbehereak, Eslovenia eta Mazedonia. Lau urtetako proiektu oso indartsua da eta gu gara liderrak. Idazleen egonaldiak dira oinarri. Gure idazleak kanpora joango dira eta kanpokoak hona etorriko dira. Hizkuntza gutxituak dira, guztiak. Otsailean Boisen izango naiz hango udalak gonbidatuta.

Donostia 2016ren ondoren sortu da agertoki berri bat, beraz.

Erabat berria. Nazioarteratze programa horiek, esaterako, seguru asko ez lirateke sortuko Donostia 2016 barik.

Horrekin azaldu gura duzu emankorra dela Donostia 2016k utzi duena.

Horrekin azaldu gura dut Hiriburutzak utzitako legatua handia dela eta esku artean dugun hori kudeatzen jakin behar dugula. Urtearen balorazio oso positiboa egiten dut, orokorrean.

Egitura itzela du Hiriburutzaren aurretik ere Donostiak kulturalki.  Hori kontuan izanda, ez da lan zaila izango.

Kanpotik etortzen diren ordezkariak harrituta gelditzen dira Donostiak kulturalki dituen baliabide eta egiturak ikusten dituztenean. Horrelako egiturarik ez dago Europa guztian, gure dimentsioa ikaragarria da.

Hori aldeko edo kontrako izan du Donostia 2016k?

Kultur ekipamendua eta kultur ekitaldien gaineko datuak hain dira handiak... Tabakalera, Zinemaldia, Jazzaldia, Kursaala, Victoria Eugenia, hiriko hamaika kultur etxe... Baita bestelako eragileak ere, Bukowski, eta abar...  Hori abiapuntu izanda, oso zaila zen Kultur Hiriburutzak balio erantsi bat eskaintzea.

Horregatik, apustu desberdina egin zen.

Seguru asko, jendeak beste zerbait eskatzen zuen, efektu gehiagoko gauzak... Proiektu inpaktanteak gustatzen zaizkio jendeari... Baina Hiriburutzaren apustua desberdina izan zen, gauza ukiezinak proposatu ziren, elkarbizitza ardatz... Eta kontzeptu horiek denbora eskatzen dute. Hori ez da urtebetean ikusten den zerbait.

Herritarrok ulertu ez dugun sentsazioa duzu?

Kasu askotan ez. Gainera, ematen du Hiriburutzaren gaineko iritziak ematerakoan, edo alde edo kontra egon behar duzula. Iruditzen zait erakundeetako ordezkari bagara alde egon behar dugula eta gizarte zibila bazara, kontra.

Zuk zeuk, baina, asmatu dela uste duzu?

Bai, esango nuke baietz. Apustua ondo diseinatuta zegoela uste dut, ez zen, agian, erraz saltzekoa, baina ondo diseinatuta zegoen.

Herritarrok, beraz, gehiegi exijitzen dugu.

Bai, eta badu zerikusia bizi dugun egoera historikoarekin. Mendebaldeko gizartean oso momentu zailak bizi ditugu, ez soilik krisi ekonomikoarengatik, baizik eta orokorrean, egoera sozio politiko aztoratua bizi dugu. Jendea haserre, amorratuta bizi da... Exijentziarako eta kexarako kultura ikaragarri indartu da eta exijentzia horien testuinguruan oso erraza da kritika egitea. Patxada falta da, emaitzak behar ditugu egunero, eta gauzek denbora behar dute.

Izan dituen kritikak, beraz, hor kokatzen dituzu.

Ez guztiak, baina asko bai. Ez dira bakarrik programazioari egindako kritikak.

Politikatik ere gehiegi izan ote duen... 

Euskal gizartearen isla bat izan da Donostia 2016, hori argi dago. Euskal Herrian debateak kutsatuta daude, distantzia hartzea falta da, patxada... Aldarte liberala falta da, eta ez naiz ari termino ekonomikoez, baizik eta gaitasun hori falta da, berba egiteko ere. Ramon Saizarbitoriaren eredu liberal hori falta da, agertoki baten aurrean ñabardurak ikusteko. Dena da edo zuria edo beltza eta horrek Donostia 2016ko analisiak egiterakoan ere kalte egiten du, ematen duelako segun eta zein tokitan zauden alde edo kontra egon behar duzula. 

Nola bizi izan duzu zuk Hiriburutzaren urtea? 

Gauza asko beste modu baten egiteko aukera zegoen, zalantzarik ez, baina esango nuke oso kutsatuta zegoela hasieratik. Prozesua bera... Herri honek aldartea ere falta du eta kutsatuta egon da hasieratik.

Kudeaketa politikoari zein nota ipiniko zenioke? 

Erantzukizunetik kudeatu dutela esango nuke, pasatu diren esku guztiek jokatu dute zuzen. Euren borondate onenarekin egin dute dena. Ez dut inoiz zalantzan ipiniko bai arduradun politikoek eta baita teknikarien aldetik egon den prestutasuna. Beti daude hobetzeko gauzak, eta, atzera begira, pentsatzen duzu: “Gauzak beste modu baten egin izan balira...”. Baina zirkunstantzia hauetan ez zen erraza gauzak beste modu batera egitea. Esango nuke ondo lan egin dela.

Zer falta izan zaio proiektuari?

Apustua oso zaila zen, eta kontuan izan behar da lehen aipatutako guztia. Alegia, Donostiak dituen kultur ekipamenduak, festibalak... Kulturalki hiriak duen indarra esan gura dut... Esate baterako, 2008an Liverpool izan zen kultur hiriburu eta egoera desberdina zen. Abiapuntua desberdina zen, krisi ekonomiko latza; seguru asko, autoestimu arazo handiak... Esan gura dut marjina handiagoa zela. Donostia hain da hiri perfektua, horrek apustua zaildu egin du. Hori kontuan hartu behar da. Dena den, esango nuke Donostiari arima falta izan zaiola. Arima, pasioa... Nahiz eta arima izan duten ekintzak egon diren, kontakizun osoari bai falta izan zaio hori.

Hiriburutzak Gipuzkoarekin eta Euskal Herriarekin izan duen harremana zer-nolakoa iruditu zaizu?

Hori da proiektuak izan duen puntu ahuletako bat. Esango nuke Donostiak ez duela lurraldearekin behar besteko enpatiarik lortu. Jaio zenean, nazio proiektu bezala aurkeztu zen, baina esango nuke ez dela alderdi hori behar bezala landu. Defizit hori egon da, ahalegin handiagoa egin behar zen alde horretatik.

Zein izan da ekarpen positiboena?

Hizkuntza gutxituen inguruko proiektu asko egon dira eta uste dut ondo enfokatuta egon dela hori. Europan dagoen aniztasuna ikaragarria da, ez dugu aberastasun hori ezagutzen eta Donostia 2016k ekarpen handia egin du hori ikusgarri egiten, beste Europa hori ikusgarri egiten. Bide horri eutsi behar diogu orain.

Hori da etorkizuneko erronka?

Euskal Herriak aliatuak behar ditu eta bere aliatuak izan behar dira bere tamainako herriak. Horiek dira bere antzerako errealitatea bizi duten herriak. Eslovenia, Frisia... Eta hor Euskal Herriak lidergorako aukera handiak ditu.

Euskal Herriak maila ona erakutsi du, beraz.

2016aren aitzakiarekin Donostiara etorri den jendeak inpresio oso ona hartu du gure herriaz. Ondo hornituta gaudela, alegia.

Helburuak bete direla esango zenuke?

Ez dut uste inork pentsatuko zuenik honek gure bizitzak aldatuko zituenik. “Gizaki berri bat sortuko du” eta horrelakoak ere entzun ziren hasieran eta iruditzen zait hori oso handiustekoa dela. Itxaropen hori zuenak inozentziaz jokatu du, ziur. Helburua bete da, bai.

Kultura ere krisian dago?

Jendeari zenbateraino inporta zaio kultura? Zenbatek irakurtzen dute gaur Martutene nobela? Kulturara hurbiltzeko denbora behar da eta gizartea ez dago horretarako prest. Jendeak behar ditu gauzak azkar, berehala... Garai baten, intelektualak autoritate ziren; gaur egun, hori aldatu egin da.

Egokitu egin beharko da kultura garai berrietara.

Eta egin da. Oinarri sendoak behar ditu gizarteak eta hori da gauzak ondo egitea. Formulazio berriek beren denbora eskatzen dute eta uste dut kulturaren munduan patxada handiagoa behar dugula. Noski, ongietorriak izan daitezela formula berriak, hori ezinbestekoa baita. Eskaintza berriak egin behar dira, baina horrek bere ibilbidea izan dezan oinarri sendoa behar du. Ramon Saizarbitoriak esan zuen Gipuzkoako urrezko domina eman ziotenean: “Kultura zer da, hondartzara joan aterkia zabaldu eta hori performance bat dela esatea?”. Ez dakit esan gura dudana ulertzen den.

Bueltatu gaitezen Hiriburutzak utzi duen legatu handienera; alegia, nazioarteratzera. Alor hori ondo kudeatu du?

Bi norabidetan egin du nazioarteratzea: batetik, kanpora saltoa egin du, eta, bestetik, kanpokoak ekarri ditu; bereziki hor lan handia egin du eta harro egoteko moduan gaude. Nire inpresioa da ez gaudela lotsatzeko Euskal Herrian ez kulturgintzan, ez euskalgintzan...

Euskalgintza aipatu duzu; zein da euskararen etorkizuna mundu globalizatuan?

Arazoa ez da hizkuntza gutxituena soilik. Esaterako, hemen unibertsitatean ikasketa gehienak euskaraz egiteko aukera dago eta Europan toki asko eta askotan ingelesez egiten da dena. Nik uste dut punta-puntan gaudela gauza askotan.

Eta aurrerantzean, zer?

Donostia 2016k utzitako legatua inteligentziaz kudeatzea da gakoa, aukerak ikaragarriak direlako. Kanpoan asko dugu ikasteko, baina guk geuk ere ikaragarri dugu irakasteko. Epe luzera konturatuko gara Donostia 2016k benetan egin duen ekarpenaren garrantziaz. Ekarpen hori substantziala da oso, bai kualitatiboki, baita kuantitatiboki ere.

Harreman sare garrantzitsua lortu du Donostiak.

Zerbait lortu badu hori da, zalantza barik. Donostia orain dela bi urte baino hobeto dago erlazionatuta. Bai Europa mailan, baina baita Europatik kanpo ere: Japoniarekin, AEBekin, Hego Ameriketako hainbat herrialderekin... Herrialde horiekin hainbat kolaborazio proiekturekin hasi da.