en fy eu mk sl ga

Beste hitzak

2015-09-10 10:00 —

Hizkuntza gutxituen Europako literatura zirkuitua

"Beste hitzak–Other Words" egitasmoak hizkuntza gutxituetan idazten duten idazleentzat Europan sorkuntza-egonaldien zirkuitu bat osatu nahi du, hainbat herrialdetako bazkide sarearen bitartez. Donostia 2016k eta Donostia Kulturak bultzatutako Other Words ekimen honetako kide ondorengo herrialdeak eta erakunde/elkarteak dira: Donostia Kultura eta Donostia 2016 (Euskal Herria), Foras na Gaegile (Irlanda), Association for Contemporary Art X-OP (Slovenia), Youth Forum – Bitola (Mazedonia) eta Leeuwarde/Ljouwert 2018 (Frisia, Herbehereak).

Ekimena abian da jada, baina proiektua bera 2016–2019 tartean egingo da.

Helburu nagusiak honako hauek dira:

  • Hizkuntza gutxituetan ekoizten den literaturari nazioartean zabaltzeko aukerak ematea.

  • Hizkuntz aniztasunari garrantzia ematea.

  • Literatur sorkuntza prozesuak ikustaraztea.

  • Agerian ez dauden gaiak, ikuspegiak eta gizarte sektoreak ikustaraztea.

  • Hizkuntza gutxituen literaturaren inguruko eragileen elkarlana gauzatzea.

Proiektuaren ardatzak, berriz, honako hauek dira:

  1. Egonaldiak. Proiektuaren ardatz nagusia dira, proiektuak herrialdeen arteko idazle “trukea” baitu oinarri; hau da, lurralde parte-hartzaile bateko idazle batek beste herrialde batean igaroko ditu zortzi aste. Herrialde bakoitzeko bi idazle joango dira beste herrialde batera; beraz, 10 idazlek parte hartuko dute urtero. Herrialde bakoitzak bi idazle bidaliko ditu, eta beste bi jasoko ditu.

  2. Literatur sorkuntza proiektuak. Egonaldietan, idazleek sektore edo errealitate ezkutuen inguruko gaiak landuko dituzte, eta horien inguruko literatur testu bat izango da azken emaitza; betiere, komunitate hartzailearekin harremanean eta sorkuntza prozesuari ikusgarritasuna emanez (egonaldian zehar hainbat ekimenetan parte hartuko dute idazleek hori lortzeko).

  3. Itzulpenak. Proiektuaren helburuetako bat hizkuntza gutxituen literatura ezagutaraztea eta idazleen arteko harremana bultzatzea denez, egonaldietan sortutako testuak bazkideen hizkuntzetara eta ingelesera itzuliko dira. Era horretan, “beste hitzak” eta “besteen hitzak” geureganatuko ditugu.

  4. Webgunea. "Beste hitzak" egitasmoko lanak, eta baita sorkuntza prozesua bera ere, horretarako sortutako webgunean jasoko dira, eta hori izango da egitasmoan egindakoa ezagutarazteko oinarri nagusietako bat.

Proiektuaren epeei dagokionez, egitasmoan jada lanean ari dira herrialde ezberdinetako elkarte eta erakundeak, eta proiektu honetan publikoki eman den lehen urratsa idazle parte-hartzaileak aukeratzeko lehiaketak martxan jartzea da. Lehiaketako oinarriak kaleratu dira, egitasmorako idazlerik egokienak hautatzeko asmoz. Deialdia martxan denez, bertako idazleei deia egiten diegu anima daitezen, oso aukera ona baita literatur sorkuntza garatzeko eta beste herrialde bateko errealitatea ezagutzeko. Hautatutako idazleek 8 asteko egonaldia egingo dute beste herrialde batean.

Gerora, beste epe edo mugarri batzuk egongo dira, eta horiek ezagutarazten joango gara; nolanahi ere, azpimarratzekoa da idazleen lehenengo egonaldiak 2016ko udaberrian izango direla, martxoaren 14tik maiatzaren 15era.