en fy eu mk sl ga

Ainara Maia Urroz

2018-11-02 12:30 — Bitola, Macedonia

Historia mitologiarekin nahasten den puntuan


Pelagonian nagoenez gero, aukera guztiak baliatu nahi ditut gerlari ausarten eta mitologikoen lurraldean, Makedonian.

Non dago muga historia eta istorio (mito) artean?

Kondaira mazedoniar batek dioenez, Prespa lakua maitasunezko negarrekin sortu zen Pelagonian. Elezaharrak dio Prespa laku handia dagoen tokian behin herri bat izan zela, baina maitasun itsu bategatik (maitasun oro ez ote da itsu?) zeruak eta lurrak haserretu zirenez, lur honetako gizaki oro desagertu omen zen.

Mazedoniako hego-mendebaldeko hirian bizi naiz, bi hilabeteko idazle-egonaldi batean, “Poeta bat Mazedonian” poema-liburua bururatzeko. Horretarako, lehendik ezer ere ezagutzen ez nuen hizkuntza, kultura eta natura ezagutzen ari naiz, eta Mazedoniara behin etorrita, Mazedoniako gailurrik gorenera igo nahi nuen. Hori zen nire ametsa eta gauzatu dut!

PELISTER (2601m)


Mendian goiti abiatzen gara

beheko errealitate gordinetik ihes egiteko.

Mendian lasterka,

beste batzuetan oinez,

eta batzuetan goi-mendietako laku hotzari so

maite galduarengan pentsatzen.

Mendian lasterka

iritsi naiz azkenean, PELISTERKA!

Hantxe dago: 2601m

errealitate gordinetik gora.

Ene ametsekin egin dut topo:

nahi nuke ama izan

ene maite galduarekin;

nahi nuke galdutako lamiaren urrezko orrazia

aurkitzen lagunduko balit;

nahi nuke…

eta bat-batean jaitsiera gogorra berriro errealitatera,

hirira.
 

...Mazedonia ez da egunero suertatzen, eta behingoagatik denbora eta aukera ez dira galtzen utzi behar.

...for one does not come to Macedonia every day, and time and opportunity are not to be thrown away.

(Journals of a Landscape Painter in Greece and Albania, Edward Lear, 1851)


 

Non dago muga errealitatea eta ametsa artean?
 

MARKOVI KULI (Markoren dorreak).

Garagardoaren eta tabakoaren hirian,

hatsa kentzeko moduko paisaia, zinez!
 

Prilep hiriaren erdialdean XIV. mendeko Marko printzearen herri mitiko da: erlojuaren dorrea, auzo turkiarra eta bazar zaharra daude, eta mendi aldera ihes egiteko aukera dago, zibilizaziotik aldenduz hats hartzeko.

Marko elezaharretako heroia da, herri-poesia folklorikoan aurkitzen duguna, eta bere heriotzarekin batera, bukatu zen Mazedoniako erdi aroko historia; handik aurrera, Otomanoen menpe geratu baitzen Prilep hiria.

Markoren dorreetarantz mendian gora, mendixka baten gainean dagoen gurutze baten inguruan Erdi Aroko harresi baten aztarnak daude. Bertan kokatzen zen Marko printzearen aitaren (Volkasin erregea) gaztelua. Aztarna horiek dauden muinora iritsi baino lehen Elefantearen harkaitz handi bat dago, elefantearen itxura duelako deritzo horrela, eta bertatik hiri osoaren ikusmira zoragarria topatu dut.
 

Markovi Kuli UNESCOren ondasunean

barneraturik,

natur parke zabalean zehar

ibilian eta ibilian

eta begiak zabal-zabalik;
 

Hiriaren erdialdetik hiru bat kilometro gora aurkitzen da Markoren dorrea, eta gero, lur harkaiztsuan aurrera eginez gero, Treskavec monastegira iritsi ahal da. Hamalau bat kilometro daude eta harainoko bidea egin dut nik ere lur lehor eta harkaitzetan barna. Treskavec-en dagoen Jainkoaren Amaren monastegia aurkikuntza arkeologikoa izan zen. Bertan dagoen eliza kristo aurreko bigarren mendean eraiki zen, Kristautasun goiztiarrean.

Treskavec 1.280 metro itsasoaren mailatik gora dago, eta 2013. urtean sute batek monastegiaren laurdena erre zuen, baina elizak zutik iraun zuen. Bertako sarreran dauden hormako irudiak XIII. mendeko enperadore bizantiarrek aipatzen zuten, eta XIV. mendean Milutin erregeak eta Dusan tsarrak aipatzen dute, zeintzuk fededunak izaki, eliza eraikitzeko eta berritzeko laguntza eman zuten. Elizaren barnean oso ongi mantendutako hormako irudi baliotsuak daude, XIV. mendeko batzuk.

Mazedonian badira Jainkoaren Amari eskainitako monastegi zenbait, eta monastegi hauek emakumeari haurdun gelditzen laguntzen omen diote. Horregatik, nik ere kandela bat piztu dut ene maite galduarengatik, itzul dadin eta familia bat osa dezagun.

Garai batean monje dezente zeuden, baina gaur egun monje bakar batek zaintzen du monastegia.

Kandela bat piztu ondoren eta haurdun geratzeko otoi egin ondoren, atseden pixka bat hartuta eta ura edanda, monastegitik atzera mendiko bidea hartu dut Markoren dorreetarantz. Beste hamalau kilometro. Bidearen erdian iturritxo bat dago eta hantxe ur botilatxoa bete dut, bidean aurrera jarraitzeko.
 

hala ere, Euskal Herriko mendietako

berdea eta hezetasuna behar dut

hatsa hartzeko,

berde horrek ematen baitit bizitza,

kolore nabar eta idor honek kentzen didan hatsa.

Hala ere, lur idor eta marroi honi

harkaitz ikaragarriz betetako mendi hauei

eskaintzen diet ene bizitza, hatsa, poesia

une batez.
 

Mendiko bakardadean gelditu naiz une batez. Paisai lehor eta ikusgarriari begira, negarrez lehertu naiz eta oihu egin diot haize hotzari. Erregutu diot, otoi, ene maite galdua, hainbeste maite ninduen hori, itzul dadin.
 

Hitzak baino gehiago,

maitasuna.

Maite zaitut soilik

ateratzen zait.

Hain eder eta galant zara

besarkatu nahi zaitut,

ene haritz mardul bihoztuna.

Behar zaitut.

Ene bihotzak behar ditu

zure benetako maitasunezko euskal hitzak.

BESTE HITZ horiek behar ditut.
 

Prilep hiriaren erdialdean. Erabat akiturik gorputza, plaza hartako taberna batean sartzea erabaki dut, eta pizza zati bat eta bertako Zlaten Dab (Urrezko haritza) garagardo bat eskatu dut, indarberritzeko.