en fy eu mk sl ga

Beste hitzak

2017-05-18 12:45 —

Hirugarren euskal idazlea, jada Europara begira

Beatriz Chivite Ezkietak ekainean hartuko du Esloveniako bidea.

"Beste Hitzak–Other Words" ekimenaren epaimahaiak, 2017ko maiatzaren 10ean egindako bileran, Beatriz Chivite Ezkieta idazlea aukeratu du literatur sorkuntzarako programaren hirugarren egonaldirako. Chivitek Maribor hirian egingo du egonaldia, 2017ko ekainetik abuztura.

Hiru proposamen jaso dira hirugarren deialdi honetan, genero zein ezaugarri ezberdinetako idazketa proiektuak guztiak. Donostia Kultura eta Euskal Idazleen Elkarteko ordezkariek osatu dute epaimahaia, Iñaki Aldekoa Euskal Herriko Unibertsitateko katedradunarekin batera.

"Beste hitzak–Other Words" egitasmoak hizkuntza txiki eta gutxituetan idazten duten idazleentzat sorkuntza­ egonaldien zirkuitu bat osatu nahi du Europan, eta horretarako zenbait herrialdetako bazkide sarea jarri du abian.

Honako herrialde eta erakunde/elkarte hauek dira Other Words ekimeneko bazkide: Donostia Kultura (Euskal Herria), Foras na Gaeilge (Irlanda), Association for Contemporary Art X-OP (Eslovenia), Youth Forum Bitola (Mazedonia) eta Ljouwert/Leeuwarden 2018 (Frisia, Herbehereak).

"Beste hitzak–Other Words" proiektua 2015–2019 tartean burutuko da.