en fy eu mk sl ga

Eneko Aizpurua

2017-12-06 23:57 — Ljouwert, Friesland

Het Bildt

Gaur Het Bildteko lurretan izan naiz Gerard de Jong idazle eta Bildtse Post aldizkariko zuzendariarekin. Autoz joanda Ljouwertetik ordulaurdenera badago ere, nortasun propioa duen udalerria da Het Bildt. Mendez mende itsasoari irabazitako lurrez osatuta dago eta bertako hamar mila biztanleetatik sei milak bildtsera hitz egiten dute, hots, Erdi Aroan Herbehereetako hegoaldetik eta Frisiatik dikeak eraikitzera etorri ziren langileen hizkuntzak -nederlandera eta frisiera- nahasi zirenean sortu zen hizkuntza berria. Gerardek azaldu didanez, aldizkariko orrietan batera, <<nahasian>> erabiltzen dituzte hiru hizkuntzak. Egunotan, Het Bildtek urte berriarekin udalerri izaera galdu eta udalerri handiago batean integratu beharko duela da Bildtse Post aldizkariko berri nagusia. Baliabideen erabilera arrazionalagoa eta kudeaketa publikoan efizientzia eta efikazia handiagoa lortzeko argudioa erabili du Herbehereetako gobernuak neurri hori hartzeko, baina Het Bildteko herritarrak beldur dira erabakiak ez ote dion konpondu ezinezko galera eragingo tokiko hizkuntza eta kultura aniztasunari. Denborak esango du nork duen arrazoia, baina, itxura batean, ez dirudi oso arrazoizkoa denik arrazionaltasunaren izenean norberaren kultur ondarea edo altxorra galtzeko arriskuan jartzea.