Ainara Maia Urroz
2018-10-18 14:00 — Bitola, Macedonia
Harriak beti egongo dira hemen
Poesiaren eta zinemaren magiaren hiritik, Strugatik, Mazedoniako iraultza-gune historikora iritsi ginen Jan Menno eta biok aste berri hau hastearekin batera. Gure idazle egonaldiaren erdian Kruševo herrira iritsi ginen, Mazedoniako independentzia ekarriko zuen iraultza gertatu zen tokira.
MAKEDONUM, Mazedoniako errepublikaren iturburua.
In this world… for this world...
Mundu honetan
idazten ari naiz poesia,
idazten mundu hau.
MAZEDONIAKO IRAULTZA
lehertu zen herrixkan nago,
Mazedoniako nazioa libre da orain,
noizbait libre eta independente izanen ote da Euskal Herria?
Eta nik mundu honi argazkia atera diot,
bakarra den mundu anitz honi idazten diot,
denok bat garen honetan,
baina neure nortasun bereizitik
batzuetan ukatua, bertzetan isildua.
Iraultzarik gertatuko al da ene barnean?
Mundu honetan ez gaude betiko, eta ni ere etorri nintzen bezala joango naiz noizbait; gure seme-alabak etorriko dira atzetik eta haiek ere joango dira, gure antzera, beren arrasto umila utziz bat den mundu honetan.
Ez naiz inorena,
baina sinesten dut jendearengan,
jainkoarengan,
kristoren sakrifizioarengan
eta Maitasuna dut gizatasunarentzat
gizaki ororentzat.
Baina Irunen sortua naiz
eta beti izango dut Irungo hiritartasuna
muga eta erlijio ororen gainetik
euskalduna naiz.
Mundu honetan
mundu honetatik edanez
mundu honi idazten diot.
Ni joanen naiz, eta ene ondorengoei ene poesia utziko diet. Ni joango naiz, bai, baina harriek beti hemen segituko dute, mundu honetan, gure lekuko isil. Ni joango naizelarik, beharbada oroituko nauzue nik neure aita zenaren oroimena bere biografia idatziz ohoratu dudan bezala, beste modu batean, hala nola “behinola hemen mundu honetan ibili zen poeta erromantiko bat...”.
Edo agian ez duzue ezer berezirik eginen nire heriotz-urtemuga oroitzeko, baina Krusevo herri honetan urtero oroitzen dute duela 11 urte auto-istripuz 26 urte zituela hil zen kantari-izar bat: TODOR PROESKI.
TOSE FOREVER
INTERNATIONAL STAR REGISTRY
Mazedoniako kantari ospetsu horren omenez eraikitako oroimen-museoan izan ginen, eta bertan ezagutu nuen bera post-mortem. Hantxe ikusi nuen, oso gaztea izan arren, zein emankorra izan zen bere karrera musikala izar handia izateraino, eta hain gazterik tragikoki hiltzean, mito bilakatu da.
Horregatik, urtero bere museoko ateak doan irekitzen dituzte urriaren 16an, eta herriko seme loriatsuaren oroimen-ekitaldi hunkigarria antolatzen dute herrian.
Hark ere MUNDU HONI idazten eta kantatzen zion, mundu bateratu eta hobeago baten esperantzan. Bere herrikideek honelako adjektiboekin definitzen dute: humanista, fededuna, maitea, adiskidea, kantaria, musikaria, zuzendaria.
Mundu hau mugarik gabe irudikatzen dut, eta gerrak eta iraultzak iraganean oso urrun gelditu direla ikusi nahi dut. Horregatik, bere hilobi-panteoian nik ere beste herrikide guztiak bezala kandela bat piztu nuen harengatik.
Baina egia esan behar badut, isilean maite dudan horrengatik piztu nuen kandela bat Krusevoko hilerrian.
Ni hilen naiz noizbait, baina harriek hemen mundu honetan segituko dute beti zutik. Eta nire maitasunak ere bai. Mazedoniak ene bihotza hunkitu du, eta oso sentibera nago, barka tristurak, eta onak gogo-bihotzean hartu.