en fy eu mk sl ga

Eneko Aizpurua

2017-12-05 13:08 — Ljouwert, Friesland

Emakumezko txirrindulari ezezaguna

Atzo, esku artean dudan nobela proiektuaz gogoetan, ideiak buruan artabizarrak balira bezala barreiatuta, Ljouwerteko kaleetan pasieran nenbilela, emakumezko txirrindulari ezezagunaren oroigarriarekin topo egin nuen. Bigarren Mundu Gerran, Frisia eta Herbehereak nazien okupaziopean zeudela, judu askok etxeetan ezkutatu behar izan zuten denbora luzez, heriotzari ihes egiteko. Ana Frankek bere egunerokoan idatziz ederki jaso zuen bezala, sufrikario handiak izan zituzten beren itxialdi behartuan. Bizitza arriskuan jarriz, txirrinduko zakutoetan gordeta, hornigaiak eta sendagaiak ezkutuan eramaten zizkieten emakumezko txirrindularien laguntzari esker iraun zuten bizirik judu haietako askok. Horregatik partekatu nahi ditut gaur hitz hauek zurekin, irakurle, emakumezko txirrindulari ezezagunaren omenez.