en fy eu mk sl ga

Beste hitzak

2017-04-04 16:45 —

EIZIEk urteko batzar nagusia egin zuen martxoaren 18an

Elkartearen 30. urteurrena dela eta, aurkituko ahal dugu itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteekin elkarlanean jarduteko aitzakiarik! Bien bitartean, hona ekarri dugu elkarteak webgunean argitaratu duen kronika.

"2017ko martxoaren 18an egin zuen EIZIEk Batzar Nagusia. Aurten, Gipuzkoan egitea zegokion, eta Donostia aukeratu zuten antolatzaileek, Euskaltzaindiaren egoitza erabiltzeko aukera paregabeari helduta. Hogei bat bazkide hurbildu ziren Tolare baserrira, baina ez ziren denak gipuzkoarrak; Nafarroatik, Bizkaitik eta Arabatik ere animatu ziren bazkide batzuk. 

Amaia Apalauza lehendakariordea izan zen Batzarraren gidari, Amaia Donés diruzaina lagun zuela. Bertaratuei eta Euskaltzaindiakoei eskerrak eman ostean, gaien zerrenda jorratzen hasi zen Apalauza. Hasteko, Bego Montoriori eman zion hitza iaz abiarazitako EIZIE etorkizunari begira hausnarketaren ondorioak azal zitzan. Ondorio horiek aurtengo asmoetan islaturik geratu dira; besteak beste, itzulpen-lehiaketa egingo da berriro ere; argitalpenen erritmoa jaitsi egingo da, baina indar gehiago jarriko da argitalpenak sustatzen. 

Ostean, 2016ko eta 2017ko jardueren gainean aritu zen lehendakariordea, parez pare harturik  eginak eta egitekoak. Jarduera horiek alorretan banatuta ditu elkarteak, eta banan-banan azaldu zituen alor horietako zereginak eta arduradunak. Segidan, Amaia Donési eskatu zion iazko jardueren balantze ekonomikoa eta aurtengo aurrekontua aurkez zitzan. 

Kafetxo bat hartzeko atsedenaldi baten ondoren, Zuzendaritza Taldeko kide berriak aurkeztu zituen Amaiak. Idoia Gillenea proposatu zuen taldeak lehendakari kargurako, eta bera izango da EIZIEren lemazain datozen bi urteotan. Idoiarekin batera, batzordekide berri hauek jardungo dute taldean: June Díaz, Iñigo Roque eta Uxoa Iñurrieta (Ane Lopezek idazkari nagusi kargua utzi du, eta Gilen Mejuto batzordekideak ere utzi du taldea). 

Honela osaturik geratu da Zuzendaritza berritua:

• Idoia Gillenea, lehendakaria

• Amaia Apalauza, lehendakariordea

• Garazi Ugalde, idazkari nagusia

• Amaia Donés, diruzaina

• Uxoa Iñurrieta, batzordekide

• Leire Otxotorena, batzordekide

• June Díaz, batzordekide

• Iñigo Roque, batzordekide

Hasi berriei ongietorria egin eta lehengoei eskerrak eman ondoren, galdera, iradokizun eta abarretarako tartea iritsi zen, iritziak eta ekarpenak taldean konpartitzeko. 

Beti bezala, bazkari baten bueltan jarraitu zuten solasean batzarrera hurbilduriko gehienek."