en fy eu mk sl ga

Beste hitzak

2018-11-23 17:15 —

Bojanak jaten eman zigunekoa

Ogia eta gatza eskaintzea; horra jendea agurtzeko modu goxo bat.

Sanjuandarrek Bojanari ongietorria egitea zen asmoa, baina ezusteko ederra hartu zuten Ubera liburutegira bildutakoek: hitzordura azaldu aurretik, ogia egiteko denbora hartu zuen esloveniar artistak; eta, gatz pixka bat erantsi ondoren, banan-banan eskaini zigun gutako bakoitzari. Haren herriko tradizio zahar bat omen da, saioari hasiera emateko giro ezin hobea sortu zuena. 

Krizanec-ek hitzaldi interesgarria prestatu zuen, Esloveniako hizkuntzari eta kulturari buruzko zenbait xehetasun eman zituena: historia pixka bat –Yugoslaviako kide izatetik, herrialde independente bihurtzera–, kontsonantez betetako hitz batzuk –ahal bezain ondo ahoskatu genituen!–, ondare natural zoragarria –mendiak, haranak, aintzirak, itsasoa–, poetak, idazleak… Horiek guztiak ezagutu genituen, Bojanaren proiektuez hitz egin aurretik.

Gure gonbidatuaren hitzetan, eskulturgintzak lan fisiko gogorra eskatzen du, eta material bakoitzak erronka ezberdinak sortzen ditu. Marmola, kareharria eta buztina ditu berak gustukoen. 

Bojana Euskal Herrira ekarri duen proiektuak eskultura eta gastronomia uztartzen ditu, artea eta zentzumenak lotzen. Proiektu hori garatzeko ahaleginean, Michelin izardun sukaldari batzuk ezagutu ditu, eta inspirazio iturri izango direlakoan dago. 

Egindako lana jasoko duen liburu bat sortzea da esloveniar eskultorearen asmoa; ahal izanez gero, urtea amaitu baino lehen. Eta, behar bada, liburu hori aurkezteko Pasaiara itzultzea…

Amets hori bete dezala opa diogu Bojanari; eta, bien bitartean, berriz gure artean hartzeko modu bereziren bat asmatzen saiatuko gara. Ea lortzen dugun hurrengoan guk ematea ezustekoa!

Antxon Basurkok ateratako argazkiak.