en fy eu mk sl ga

Beste hitzak

2017-03-06 16:55 —

Boiseko Eloise Garmendia Bieter Katedra

Etxepare Euskal Institutuak Boise State University-n duen Eloise Garmendia Bieter katedrako programa Martxoaren 4an eta 11n jarriko da abian. Iñaki Goirizelaiak izango du aurten eskolak eskaintzeko ardura, euskal diaspora zabalena biltzen duen hiriko 35 ikasleri.

Ikastaroak 40 urteko diktaduraren ostean euskaldunek beren nortasuna berrindartzeko egin duten lanean sakonduko du. Estatu politikoa sortzeko proiektuak ekarri zuen hezkuntza sistema arrakastatsu eta egitura publiko berritzailea sortzea Europako testuinguruaren baitan, eta hain zuzen ere hortaz mintzatuko da Goirizelaia.

Halaber, martxoaren 8rako katedraren irekiera ekitaldia antolatu da; bertan, Boise State Choir eta Boise Basque Choir abesbatzek euskal kanten emanaldia eskainiko dute. Ondoren, “Barne indarra: euskal emakume etorkinen erretratuak” izeneko argazki erakusketa zabalduko dute.

2015eko uztailean sinatu zen Eloise Garmendia Bieter katedra abiarazi zuen hitzarmena. Urtero irakasle bat gonbidatzen duen katedraren oinarriak finkatzen ditu hitzarmen horrek, euskararekin eta euskal kulturarekin harremana duten gaien irakaskuntza eta ikerkuntza bultzatzeko asmoz.

Katedrak Boiseko alkatearen –David H. Bieter, euskal lurraldetik kanpo euskara dakien alkate bakarraren– amaren izena darama, euskal kulturarekiko izandako konpromisoagatik eta komunitatean jokatutako rolarengatik. Katedra berri honek euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntza indartuko du Boise State University-n, Boise hiriko gune garrantzitsuaren testuinguruan.