en fy eu mk sl ga

Ainara Maia Urroz

2018-10-23 10:50 — Bitola, Macedonia

BITOLA, MAZEDONIAKO IRAULTZAREN BORROKAREN EGUNA OSPATZEN



Bitola edo Monastir hiriak arrazoi asko ditu Europako kulturaren hiriburu izateko, eta iragan asteburuan beste behin aukera izan dut hori hala dela frogatzeko. Historia luzea du lurralde honek, eta borroka askoren ondoren, lortu zuen independentzia Mazedoniak. Euskal Herriak ere asko borrokatu du, baina oraindik ez du independentziarik lortu, baina lortuko ahal du berandu baino lehen!

Ostiralean haurren gisa kometa bat egin nuen lehen aldiz ene bizitzan eta kometa hegan eginarazi nuen Smolevo muinoan edo mendixkan.

KOMETA. DRAGOIA.

Berriro ere herensugea agertu zait.

Haurtzaroan ez nuen inoiz kometarik egin
ez kometekin jolastu ere;
beste jolas batzuk genituen.

Haurtzarora eraman nau hegan kometak
nik neuk egindakoak
eta dena argi ikusi dut:
helduen maitasuna ez da justua, ez da argia,
beti baitaude interesak tartean.
IT’S NOT FAIR LOVE
IT’S NOT FAIR THE WORLD
eta bizitzen gara argitzeko
haur-begiradaz mundua, ikuspegia.

Haurraren begiradaz begiratu diot inuxente eta xalo
hegan egiten zuen bihoztun kometa txiki ameslariari.

42 urtekin deskubritzen dut
bizitu ez nuen haurtzaroaren zati bat
eta ez nago nostalgiko
gauza berria delako.

42 urtekin bizitza birplanteatzen ari naiz,
gauzak birpentsatzen,
bizitzaren kolpeek higatu baitute nigan baikortasuna,
baina egunero gauzen alde ona begiratzen ikasten ari naiz
haur-begiradaz.

Mendixkatik ikusmira ederra dago, Bitola hiri osoa ikus daiteke bertatik, eta bertan egoitza militarra zenaren eraikina ikus daiteke. Inguruan gerrako arrastoak: hegazkin puskatuak, lubakiak, bunkerrak...

Bitola izan zena adierazi zidaten: gune militar estrategikoa eta gerrek suntsitu zuten hiria. Orain, aldiz, ez da militarrik ageri ia, eta gune kulturala ageri da, hala nola museoak, fakultateak, dendak, etxebizitzak...

Asteburu minbera eta sentibera igaro dut, eta hiria izandakoari buruz gehiago jakiteko asmotan Bitolako museora joatea erabaki nuen igandean: Bitolako eta Mazedoniako historiaz busti naiz, eta Ataturk nor izan zen gehiago ikasi dut.

Historia baino, istorioek gehiago erakartzen nautela jabetu naiz, eta museoaren historia guztiaren artean istorio batek bereziki hunkitu du ene bihotza: maitasunezko eskutitz batek, Bitolako neska batek Ataturk-i idatzi ziona gazte garaian. Historian badira gizon ospetsu esanguratsuek idatzitako maitasunezko eskutitzak euren maiteei, baina ez da ageri emakumeek idatzitako maitasunezko eskutitzik inon, eta eskutitz hau museoan aurkitzeak poztu nau, maitasunezko eskutitzak idazten dituen emakume bakarra ez naizela frogatu baitit. Bakarrik banago ere munduan, orain ez da bakarrik sentitzen emakume idazle erromantiko hau, eskerrik asko, Eleni Karinte Bitolakoa!