en fy eu mk sl ga

Beste hitzak

2016-08-17 17:00 —

Beste Hitzak–Other Words programaren 2. deialdia

Zer da Beste hitzak–Other Words deialdia?

Europako zenbait hizkuntza komunitate txiki edo/eta gutxituen arteko literatur trukerako sarea da Beste hitzak. Urtean komunitate bakoitzeko bazkide banak bi idazle hautatuko ditu Europako beste bi lurraldetan egonaldiak burutzeko; eta beste lurraldeetatik datozen bi idazleri harrera egingo die. Egonaldi horietan sortzen diren lanak komunitate parte hartzaileen hizkuntzetara eta ingelesera itzuliko dira, eta webgunean zein paperean zabalduko dira.

Irlanda, Mazedonia, Eslovenia, Frisia eta Euskal Herria dira parte hartzen duten lurralde zein herrialdeak. Proiektuaren Euskal Herriko ordezkari ofiziala, eta bazkide liderra, Donostia Kultura da; halaber, DSS2016EU Fundazioa, Euskal Idazleen Elkartea eta beste zenbait eragile bidelagun ditu programa aurrera eramateko.

Zein dira proiektuaren helburu nagusiak?

  • Hizkuntza gutxitu eta txikietan idatzitako literatura ohiko mugez gaindi ezagutarazten laguntzea.
  • Hizkuntza aniztasunaren balioa azpimarratzea, arreta berezia jarriz hizkuntza gutxitu eta txikietan eta itzulpenaren zereginean.
  • Literatur sistemaren prozesu osoa ikusaraztea, eta bertako eragileen (idazle, itzultzaile, antolatzaile…) lana publiko zabalari ezagutaraztea.

Zer hautatuko da?

Euskaraz idatzitako literatur proiektuak hautatuko dira, idazle bakarrak 8 astetan sor dezakeen testuan gauzatuko direnak.

Deialdiaren baitan osatuko den testu horrek nolabaiteko unitatea izan beharko du, unitate hori beste proiektu zabalago baten parte izan arren (nobela baten kapitulu bat, ipuin bat...). Betiere, deialdi honetan ezartzen diren baldintzekin bateragarria izan beharko du.

Zein dira epeak?

Deialdira proiektu proposamenak helarazteko epea irailaren 17an amaituko da, gaueko 23:59an.

Egonaldia 2016ko urriaren 17a eta abenduaren 12a bitartean garatuko da.

Zein prozedura jarraituko da?

Hautagaiek deialdiaren argitalpenetik irailaren 17a arteko epea izango dute proposamenak aurkezteko. Proiektu bat proposatzeko bi bide daude:

  • Posta elektronikoa: beharrezko agiriak donostiakultura@donostia.eus helbidera bidaltzea ohiko formatu informatiko batean (.pdf, .odt, .doc).
  • Posta arrunta: beharrezko agiriak, gutun ziurtatu bidez, hona bidaltzea: BESTE HITZAK-OTHER WORDS proiektua. Donostia Kultura. Erregina Erregeordearen kalea, 8. 20003 Donostia.

Balorazio Batzordearen hautaketaren berri emango da www.bestehitzak.eus, www.otherwordsliterature.eu, www.donostiakultura.eus eta www.dss2016.eu webguneetan, prentsa-ohar bidez eta onuradunei, eman duten helbidera zuzenduz.

Non aurki daiteke informazio osagarria?

Nola argitu zalantzak?

Telefonoz, 943 481150 zenbakian.

Ikus, honi erantsita, deialdiaren testu osoa: http://otherwordsliterature.eu/OW%202.%20deialdia_EU.pdf

Eta idazleek bete beharreko fitxa: http://otherwordsliterature.eu/Beste%20Hitzak%20Idazleen%20Fitxa.pdf

(Irudia: Foras Na Gaeilge)