en fy eu mk sl ga

Beatriz Chivite

2017-06-22 17:42 — Maribor

Beroa, izugarrizko beroa

Beroa ere Mariborrera iritsi da. Arratsaldeko bostak dira eta leihoa irekitzearen beldur naiz, sua nire logelara sartuko den beldur. Post hau bukatutakoan Drava ibaira joango naiz Maribor osoaren zikintasunean igeri egitera!

Egun hauetan uda Mariborreko izkin guztietan aurkitzen dut, gauero kontzerturen bat topatzen dut kalean, Erasmuseko ikasleek agur-festak dauzkate, haurrak parkean arte eta eskulan tailerretan dabiltza, Esloveniar asko hondartzara joan dira jada eta hiri osoa Lent jaialdirako prestatzen ari da.

Goizetan Kibla kultur-etxean idazten egoten naiz, arte-lan, musika eta garagardo ona baitute, eta arratsaldetan bueltatxo bat eman ondoren Sandrarekin elkartzen naiz berarekin ArtKit arte-galeria zaintzen dugun bitartean, Risk Change programari buruz hitz egiteko. Risk Change, nire literatura sorkuntza bezala, migrazioei buruzko proiektua da. Migrazio, globalizazio, muga eta errefuxiatuei buruzko arte erakusketa bat izan zuten joan den urtean; aurten, aldiz, errefuxiatu eta Eslovenian bizi diren atzerritarrei elkarrizketak egiten ari dira - haiekin elkarlanean aritzeko gogoekin nabil.

Bihar Lent arte, musika eta antzerki jaialdia hasiko da, mundu osotik zehar etorriko dira artistak eta haien artean izugarri gustatzen zaizkidan musika taldeak! Nik ere hainbat ekitalditan parte hartzeko asmoa dut, asteburu honetan adibidez, ‘Living library’ izeneko jardunaldi batera gonbidatu naute parkean, bertan pertsona ezberdinek gure bizitza eta istorio pertsonalei buruz hitz egingo dugu, ziur nago interesgarria izango dela!

Atzo leku zoragarri batean sartu nintzen… urperatutako pirata itsasontzi baten altxorra dirudi. Liburuz betetako gelatxo ilun bat da, bigarren eskuko liburuak saltzen dituen gizon zaharrak agurtu eta eslobenioz inguruan begiratzera gonbidatu ninduen. Zoritxarrez ulertzen ez dudan hitzez beteta daude liburu guztiak… dena den, lekuak pena merezi du: liburu usaina, parasol txinatarrak, Chiquita banana kutxak, biniloak… denetarik aurki daiteke liburuen artean izkutatuta.   

Ardo museoan ere egon naiz, eta bertan jakin izan dut urtero Mariborreko Ardo Erregina hautatzen dutela, Miss Maribor bezalakoa baina ardoarekin zerikusia daukana. Mariborreko Ardo Erregerik ez dago. Erreginak Esloveniako ardoei eta ohiturei buruz jakin behar du, Eslobeno eta beste hizkuntzaren bat hitz egin, eta ardoa ondo sustatu eta zerbitzatzeko gai izan behar du.  Ardoa gustoko duen edo ez, ez dauka garrantzirik…

Nire ordenagailuko Word programak ez dauka euskal hiztegirik, eta beraz idazten dudan bakoitzean ingelesara itzultzen edo zuzentzen saiatzen da, honen harira poematxo/txantxa hau idatzi dut:

Microsoft Wor(L)d

Agian, Again bihurtzen da

Zurekin edo Sure, king

Bakarrik a bakery

Otoitz no otitis

Eta nola ez,

Beste hitzak

BEST HITS

  • 2017-06-26 Idoia Noble

    Ze ona, zure zuzentzailea! "Best Hits" forever …