en fy eu mk sl ga

Eneko Aizpurua

2017-12-10 13:11 — Ljouwert, Friesland

Balkeko banderen balsa
Hiriburuetako zein hiribilduetako eraikin ofizialak eta etorbide nagusiak bandera nazionalez betetzen ari diren garai hauetan, Frisiako Balk herrian bertako etorbide bakarreko argiontzi eta zuhaitzetan bandera zuriak zintzilikatu dituzte, hainbat poeten poemak idatzita dituzten oihal zuri letradunak. Ez dakit Balk Letren Errepublikako hiriburu edo hiribildu izendatzeko asmoarekin hartu duten erabaki hori, baina, nolanahi ere den, ez legoke gaizki bandera zuri letradunak beste hirigune eta hiribide batzuetara hedatuko balira. Aitortu behar dizuet bandera nazionalak airean inarrosiz ahots betean abesten diren hotsandiko ereserki nazionalen hots zurruna baino askozaz ere atseginagoa, erakargarriagoa eta hunkigarriagoa iruditu zaidala, zuri eta niri, bizitzari eta heriotzari, abesten dioten Balkeko banderen bals xumearen soinua, herriko etorbide bakarrean Syds Wiersma poetaren poema hau irakurtzen ari nintzela:
 
Iritsiko da eguna, non ihes egingo dudan
gorpu honetatik, baina ez naiz eroriko
katu asaldatu bat bezala
gauean,
arimaren tenplu zaharraren ondoan
itzulinguruka ibiliko naiz
 
Nire azal zuria
ez  kezkatu nire neska
ez naiz joan
jarraituko dut
zugana etortzen,
heriotza zelaian oinez ibili
eta une batez hesian besoak bermatuta
zeruertzera begira egotea da