en fy eu mk sl ga

Beste hitzak

2018-09-20 13:45 —

Arratsalde bikaina Ur mara museoan

Aurtengo azken ekitaldia zuten Ur maran, 11 hektarea dituen baso eder baten erdian. Donostiatik 30 minutu eskasera kokatu dute Jauregitarrek beren paradisua, bakea nagusi den inguru ezin ederragoan.

Egun aparta atera zen, zerua urdin eta giroa bero, arbola artean freskotasun bila abiatzeko modukoa. Akordeoi doinuek egin ziguten harrera harrobi zaharrean; Susana Cencilloren "Emekuartet" laukoteak, hain zuzen. Egitarauan obra klasikoak izan ziren nagusi, baina baita estreinaldi bat ere, ekaitza irudikatzen zuen lan bat (benetako ekaitz ugari ezagutu omen dute gune horretan musika egiten saiatu izan direnean…).

Saio artistikoaren bigarren zatian, Antonio Casado Da Rochak literatur ekitaldi bat gidatu zuen "Thoreau espazioa"n, Koldobikaren eta Antonioren proiektu kuttuna hartzen duen txabola polit batean. XIX, XX eta XXI mendeko hamar poema irakurri zituen Casado Da Rochak, Iñaki Armendarizen gitarra elektrikoa lagun, eta Andoni Tolosaren grabazioa oinarri. Eta asmakizun bat jarri zigun ikusleoi: hamar horietatik, zenbat (eta zeintzuk) ote ziren Henry David Thoreauk idatzitakoak. Opariak ere bazeuden, erantzunak asmatzen zituztenentzat prestatuak… baina azkenean Beste hitzak–Other Words ekimeneko gonbidatuei eskaini zizkieten, Stefan Markovskiri eta Nanelia Walfenzaori, alegia.

Azkenburukoak ez ziren lehen eta bigarren platera baino txarragoak izan… Hitz eta pitz jardun bitartean, bertaratutako guztiok mokadu bat egitera gonbidatu gintuzten –ardo edo sagardo trago batekin batera, noski–. Dena goxo baino goxoagoa! Gure idazle egoiliarra pozik ikusi genuen, Juan Kruz Igerabiderekin solasean, literatura zein idazleak (euskaldun nahiz mazedoniar) hizpide hartuta.

Horraino guk dakiguna. Ez gaude ziur "uda arratsalde eguzkitsu bateko ametsa" nola amaitu zen, baina txori txiki batek esanda dakigu gaua Thoreauren txabolan emateko asmoa zuela artista talde batek…