en fy eu mk sl ga

Beste hitzak

2016-12-26 17:45 —

Agur goxoa Garoa Kultur Lab aretoan

Bart Frisiara itzuli beharrak sortu zigun malenkoniari aurre egiteko botikarik onena.

Maite eta Bart; Bart eta Maite. Buruan genuen artisten arteko solasaldia gauzatzeko bikote ezin egokiagoa. Hitz eta pitz aritu ziren, gauza interesgarrien berri emanez, batzuetan sentibera, zenbaitetan lotsagabe puntu batekin… Betiere argi utziz zergatik merezi zuten, biek ala biek, Beste hitzak–Other Words proiektuko kide izatea.

Hasierako hitzak ekimenaren zuzendari artistikoak egin zituen, Idoia Noblek. Labur, proiektuaren nondik norakoak laburbitzeko eta partehartzaileak aurkezteko.

Hortik aurrera, bi protagonistek sormenez betetako beren bizimodua deskribatu zuten adi adi zeuzkaten ikusleen aurrean.

Hasteko, elkarri galdetu zioten nondik nolatan egokitu ziren sorterritik hain urrun:

(Hobeto esanda, elkarrizketari ekin aurretik, Maitek kantu bat oparitu zion Bart-i, agur eta ongi etorri gisa. Goxo.)

Maite Larburu biolin jotzailea da, eta antzinako musikan espezializatu da. Graduondoko ikasketak Herbeheretan egin ondoren, 14 urte daramatza, talde ezberdinetako kide, Europan barrena kontzertuak eskaintzen. Bestalde, duela urte batzuk, Josh Cheatham lankidearekin batera Neighbor taldea sortu zuen, "musika gogoak ematen digun bezala jo ahal izateko; prejuizio, arau eta gehiegi hitz egin beharrik gabe". Geroztik bi CD kaleratu ditu bikoteak, eta bide arrakastatsua urratzen ari da Euskal Herrian.

Bart Kingma, berriz, ikusentzunezkoen mundutik dator. Kazetaritza ikasketak egin ondoren, eskarmentu zabala hartu zuen hedabide ezberdinetan (prentsa idatzian, irratian, telebistan), benetan gustuko duen sorkuntza-lanari heldu aurretik: gidoigintza, antzezlanak, musikalak, kantuen hitzak… Kingmak berak esaten duen bezala, "istorioak kontatzea dut gustukoen, edozein dela ere aukeratzen dudan euskarria". Joan den urrian, autoa hartu eta abentura berri bati ekin zion, Leewarden-etik (Frisia) Donostiara ekarri zuen bidaian abiatuz. Bi hilabetez idazle bizitzan murgiltzea zuen helburu, Beste hitzak–Other Words-en deialdiari erantzun ondoren.

Larburuk eta Kingmak zenbait gai izan zituzten hizpide, hala nola Herbeheretako bizimodua, hizkuntza ezberdinen erabilera testuinguruaren eta helburuen arabera, holandarren eta frisiarren arteko aldeak, euskaldunon ezaugarriak, etab.

Zela Trovke (Belarra mozten) dokumentalaren atal batzuk ikusteko aukera ere izan genuen. Bertan, Asier Altuna zinema zuzendariak Maitek Amsterdam-en egiten duen bizimodua deskribatzen du. Zuzendaria bera aretoan egoteak ukitu berezia eman zion tarte horri.

Ondoren, Maitek beste kantu bat eskaini zigun. Eta guk sorginduta entzun genuen.

Jarraian, Bart-ek Frisiari buruzko hitzaldi labur bat eman zuen. Pribilejiatuak sentitu ginen, hain gutxi ezagutzen den herrialde baketsu eta atsegin horren berri jasotzeko aukeragatik.

Artistek solasean jarraitu zuten, harik eta Maitek Bart-i galdetu zion arte ea zer aurkitu zuen Euskal Herrian. Frisiarrak hiru gauza azpimarratu nahi izan zituen bere erantzunean:

1. Paisaia berezia, mendi ederrak eta herrixka xarmantak harro erakusten dituena… Baita ibar "ez hain erakargarriak" ere, lantoki eta herri zatarrak nonahi.

2. Bertsolaritza, seko maitemindu duen jarduera artistikoa. Argi ibili, Frisiara eraman behar duela erabat tematuta itzuli baita!

3. Euskararen ikusgaitasuna. Harro egoteko moduko errealitatea, Bart-en ustez, nahiz eta jakitun dagoen euskaldunok zenbaitetan kontrako irudipena izaten dugun.

Jaki eta edari bikainak dastatu izana ere aipatu zuen Kingma-k, arrain freskoa bereziki. Tira, horrek ez gintuen hainbeste harritu.

Maite Larbururi esker, magiaz betetako bi une izan zituen ekitaldiak, frisiar musikaren inguruan pixka bat ikertu ondoren, Bart ezustean harrapatzea lortu baitzuen.

Kantu bat aurkezterakoan, euskal doinu ezagun bat zela azaldu zuen, eta bertan geundenok kantatzera gonbidatu gintuen. Baina entzun genuena frisiar sehaska kantu bat izan zen, eta aretoan zegoen ikusle batek berehala ezagutu zuen, baita kantatu ere. Ikusle hori Josse De Haan zen, frisiar idazle ezagunenetako bat. De Haan-ek ondo ezagutzen du Euskal Herria, Hendaian bizi baita aspaldian, Maite Gonzalen Esnal euskal idazlearen alboan.

Bigarren ezustekoa azken kantuarekin heldu zen. Zendu berri den Leonard Cohen-en Suzanne kantua aukeratu zuen Larburuk agurrerako. Lehen hiru estrofak ingelesez kantatu zituen, baina azkena frisieraz ikasia zeukan, hain zuzen ere Kingma-k urte batzuk lehenago egindako itzulpenean. Hunkigarria izan zen Bart hitz horiek ahoskatzen ikustea.

Eskerrik asko, Maite. Milesker, Bart.