en fy eu mk sl ga

Ainara Maia Urroz

2018-10-14 10:45 — Bitola, Macedonia

Abandonatutako tokiek amets eginarazten didate

Mazedoniako iraultzaren egun nazionalean mendira jo nuen, eta neure baitaraturik nire hitzak eta barneko mundua begiratzera ausartu nintzen. Jai nazionaletan ez dut goraipatzen inongo nazio-estaturik eta Brassens bezala ni gelditzen naiz ohean. Ametsetan.

Ametsetan bezala iritsi nintzen Jan Menno idazlearekin batera autobusez hegoalde honetara, non haizeak fresko jotzen duen eta eguzkiak epel laztantzen duen. Konstatin Mladinov poetaren olerkia buru-bihotzean iritsi naiz Strugara, erdi-zorabiatuta errepideko bihurguneengatik:

T’GA ZA JUG.

HEGOALDERANTZ.

Arranoaren hegalak banitu

hegaldatuko nintzateke

eta hegan egin gure kostaldetara,

gure ingurugirora

Istanbul ikustera, Kukux begiratzera

eta egunsentia ikustera:

Dismal hortik al da? Hemen al da?

Eguzkia oraindik altxatzen bada,

hemen ala han nirekin topo egiten badu,

bidai urrunagoetarako prestatuko naiz,

beste kostalde batzuetara lekualdatuko naiz,

egunsentiak argi eta garbi

agur egingo didan tokira

eta zeruak izarrekin keinu egingo didan lekura.

Ilun dago hemen, iluntasunak inguratu nau,

laino ilunak estaltzen du lurra;

hemen izotza, elurra eta hautsa besterik ez dago.

Lainoa edonon, lurra izozturik

eta bularraldean hotz dut,

pentsamendu ilunak ditut.

Ez, ezin dut hemen gelditu gehiago, ez,

ezin dut ikusi izotzatik haratago.

Emaizkidazue hegalak eta

hegan egingo dut

gure kostaldetara mugituko naiz

beste behin gure tokietara,

Ohrid-era edo Struga-ra.

Han eguzkiak arima epeltzen du,

ilunsentia gailur eguzkitsuetan agertzen da;

opariak oparo daude han

naturaren indarrak banatua.

Begira laku argia ia zuri

edo urdin ilundua haizeak,

begira lautaden edo mendien gainetik:

edertasunaren gorentasuna edonon.

Ene bihotz etsituaren alaigarri han hats hartzean!

Oi, eguzkia ezkuta dadila

eta ni hil nadila han!

(Konstantin Mladinov, poeta mazedoniarra, 1830-62)


DRIM film laburren jaialdia xumea da, baina kultura zinematografikoa sustatzea du helburu Strugako zinema-jaialdi gazteak.

DRIM ibaiak bustitzen ditu Strugako karrikak poetikoki, eta Ohrid-eko lakuan egunsenti nahiz ilunsentietan fresko jotzen du haizeak, baita eguzkiak azala laztandu ere. Poeton zubitik igaro naiz, eta AMETS egiteko aukera izan dut; poeton parke batera iritsi naiz, non hiriko kultur etxea dagoen. Han da asteburu honetan film laburren jaialdia gertatzen, eta abandonatutako tokien argazkien erakusketa batek harrera egiten digu. Abandonatutako gauzek amets egitera bultzatzen naute eta mundu hobeago bat irudikatu.

Antolakuntza xumea eta horizontala du zinema-jaialdi gazte honek, baina hirian kultura sustatzeko asmoa ere bai.

AMETSAREN ETA POESIAREN HIRIAN nago, neure saltsan, poesia idazten. Bizitza amets hutsa izateaz gain, bizitza poesia baita.

DRIM.
Dream. Ametsa.
Amets hutsa da bizitza,
poeta hark erran zuen
eta mundua, berriz, ilusioa.
Ametsa izan zen maitemintzea,
eta maite ninduela maitasuna egitea.
Anyway, the world is an illusion
and have a nice trip!
Onena opa dizut, ene maite,
onena ni banauzu ere,
egin ezazu nahi duzuna.
DRIM IBAIAn paseatzen
amestu dut maitearen eskutik helduta nenbilela
Dream, everything is dream
and the love is also a nice dream.
Bizitza dena den ibaiaren antzekoa da,
izan ametsa, ilusioa edo errealitatea,
iturri batetik itsasora goazen emaria gara
emanez batera, hustutzeko itxaropenarekin
itsasoratzen gara.

(Ainara Maia)